Instalazio turistiko berri bati esker, Orreagako Andre Mariaren Errege Kolegiata Museo-Altxorraren bisitariek modu ludiko eta interaktiboan ezagutzen ahalko dute eskualdeko ondarea. NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaileen talde bat turistentzako instalazio aitzindari bat diseinatzen ari da, proiektuko buru den Gabinete Trama arkeologia-zerbitzuen enpresarekin eta bideo-jokoak garatzen dituen Nexxyo Labs aholkularitza-enpresarekin batera. 3D-ko bideo-mappinga, abatar mintzatzaile eta emozionalak, objektu errealak eta birtualak agertoki berean nahasten dituzten interakzio sistemak, eta objektu arkeologikoak eta haien berreraikuntza birtualak hartuko ditu barne instalazio horrek.
“VINET: bizipen historikoak irudikatzea 3D-ko mappingaren eta gida interaktibo emozionalen bidez, esperientziaren turismoa sortzeko Nafarroan” proiektuaren helburu nagusia da turistak subjektu aktibo izanen dituen esperientzia bat diseinatzea: gida birtualekin hitz egiteko eta ondarearekin interakzioa izateko aukera izanen dute, halako moldez non bisita ez baita modu linealean garatuko: jokoaren narrazioa eta erritmoa automatikoki sortuko dira, bisitariek bai abatarrarekin bai objektu arkeologikoekin egiten dituzten ekintzen arabera. Proiektuak dakarren berrikuntza nagusia da taldeko esperientzia hartzen duela ardatz, banakako esperientzia turistikoetan zentratu beharrean. Proiektu honek Nafarroako Gobernuaren 2021eko I+G proiektuetarako laguntzen deialdiko finantzabidea izan du (erreferentzia: 0011-1365-2021-000063).
“Proiektuaren hasierako fasean esperientzian oinarritutako turismoaren azkeneko aurrerapenak aztertu dira, eta turismoan teknologia aplikatzeko adibide garrantzitsuenak identifikatu dira”, azaldu du Amalia Ortiz Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC). “Ikusi dugu orain arte bultzatutako praktika gehienak banakako esperientzietara bideratuta daudela. Proiektuan ikus-entzunezko esperientzia errealista batean inplikatu nahi dugu turisten taldea, horretarako edukiak beren behar eta jakin-minera egokituko dituen sistema interaktibo bat baliatuta. Proiektuan garatutako teknologiek storytelling digital interaktibo bat egiteko aukera emanen dute”.
Proiektua 2021eko abuztuan hasi zen eta, aurreikuspenen arabera, 2023ko martxora arte garatuko da. Amalia Ortiz, Jesús Villadangos eta José Javier Astrain ISCko ikertzaileek eta Xabier Olaz, Ricardo García, Sebastián Marichal eta Iñigo Paños kontratupeko ikertzaileek osatzen dute lantaldea eta, orain arte, instalazioa integratuko duten teknologiak garatzen aritu dira, hala nola abatar emozionala eta narrazio digital interaktiboko sistema. Gaur egun, diseinu-tailerrak eta taldeko diziplina anitzeko dinamikak egiten ari dira, turista ardatz izanen duen esperientzia diseinatzeko eta teknikoki baliozkotzeko. Lan horretan parte hartzen ari dira, halaber, Gabinete Tramako zenbait kide —proiektuko buru den eta edukien ardura duen arkeologia-enpresa da Gabinete Trama— eta bideo-jokoen garapenean aditua den Nexxyo Labs software-aholkularia, zeina 3D-ko diseinuen, bistaratzeen eta esperientziaren gamifikazioaren arduraduna baita. Iñigo Mugueta Erdi Aroko Historiako irakaslea, NUPeko I-COMMUNITAS Institutuari atxikia, diseinuko eta dokumentazio historikoko lanetan laguntzen ari da.
Proiektuan lanean ari diren taldekide batzuk. Ezkerretik eskuinera: Jesús Villadangos, Amalia Ortiz eta Ricardo Garcia (NUP), Carlos Zuza (TRAMA), Javier Larumbe (Nexxyo Labs), Iñigo Paños, Xabier Olaz eta Iñigo Mugueta (NUP) eta Nicolás Zuazúa (TRAMA).
Proiektu eskalagarria
Fase honetan, ikertzaileak teknologiaren inplementazioan gainditu beharko dituzten erronka nagusiak identifikatzen ari dira, sistemak behar bezala prozesa eta hierarkiza ditzan turistek egiten dituzten inputak, eta erantzunik egokiena ebatz dezan. “Subjektu bakar baten inputekin lan egiten duzunean, errazagoa da pertsona horren beharrak identifikatzea. Baina, pertsona batekin baino gehiagorekin elkarreraginean aritzea konplexuagoa da, input multzo horretarako output egokiena definitu behar delako”, zehaztu du Ortizek.
Unibertsitatearen eta Gabinete Trama enpresaren arteko aldez aurreko lankidetza baten ondorioz sortu zen proiektua. Orduko hartan, Erratzuko bunkerrei buruzko erakusketa batean errealitate birtuala txertatzeko teknologiak garatu zituzten NUPeko ikertzaileek. “Agertoki berri bat bilatu nahi genuen esperientzia turistikoan objektu birtualen eta errealen arteko sinergian sakontzeko, eta Gabinete Tramako arduradunek Orreaga iradoki zuten, ongi ezagutzen dutelako eta eremu horretako ondareari buruzko dokumentazio asko dutelako”, azaldu du ikertzaileak.
Proiektuaren emaitza gisa, prototipo bat instalatuko da Orreagan aldi baterako, haren funtzionamendua monitorizatu eta ebaluatzeko. Hori hala izanik ere, ikertzaileen asmoa da garatutako teknologiak etorkizunean aplikazio berriak izatea. “Lanean ari gara proiektua eskalatzeko modukoa izan dadin, hots, abatarraren animazioak aurrez grabatuta egon ordez automatikoki sor daitezela nahiko genuke. Instalazioaren oinarri diren elkarrizketa-sistemak eta animazio-motorrak beste bilakaera eta garapen batzuk ekarriko dituzte geroago, baina beti eskatuko dute agertoki berrietara egokitzea”, amaitu du Ortizek.