Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Jaime Brunet Fundazioak jardunaldi bat antolatu du ekainaren 1erako (asteazkena): "Ukrania: gerra bat Europaren atarian". Errusiaren inbasioa eta gerra aztertuko dira diziplina anitzeko ikuspuntu batetik. Saioa arratsaldeko 19:00etan izanen da, Olibondoak eraikineko gradu-aretoan, eta sarrera librea aretoa bete arte.

zoom NUP.

NUP.

Zehazki, mahai-inguru bat eginen da jardunaldian, non nazioarteko harremanetan, gatazketan edo segurtasun nazionalean adituak diren hizlari batzuek eta komunikabideetako zenbait profesionalek hartuko baitute parte. Javier Blázquez Ruiz NUPeko katedradun eta Jaime Brunet Fundazioko idazkaria arituko da moderatzaile.

Hizlariak, berriz, honako hauek: Araceli Mangas UCMko katedraduna, Fernando Cocho nazioarteko segurtasuneko aditua, José Luis Pontijas segurtasun analista, Lluis Bassets idazle eta “El País” egunkariko kazetaria eta Marc Marginedas Sobietar Batasun ohian eta mundu arabiar islamikoan aditua den kazetaria.

Parte-hartzaileen curriculum laburra

Araceli Mangas Martín Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Nazioarteko Zuzenbideko eta Harremanetako katedraduna da, eta Asturiasko Printzesa Sarietako epaimahaikidea ere izan da. Horrez gain, komunikabideetako kolaboratzaile aritzen da gatazka belikoei eta Ukrainako gerrari buruz mintzatzen. 2021ean Legelari Prestigiotsuentzako Pelayo Saria jaso zuen, eta 2017an Gizarte eta Giza Zientzien Gaztela eta Leon Saria.

Fernando Cocho Pérez inteligentzia-zerbitzuei buruzko analista da, eta aditua arlo horretako metodologian, jakintzaren kudeaketan, kapital intelektualean eta ziberkrimenean. Zenbait herrialdetan lan egin du inteligentziako analistak trebatzen eta nazioko zein nazioarteko enpresa eta erakundeei aholkuak ematen, eta kolaboratzaile aritzen da nazioko eta nazioarteko zenbait komunikabidetan nazioarteko harremanei, terrorismoari, gorroto-delituei eta mehatxu hibridoei buruzko iritzia ematen.

José Luis Pontijas Calderón Ekonomia Aplikatuan doktorea da Alcaláko Unibertsitatean (UAH). Estrategiako irakaslea da Carlos III Unibertsitateko Geopolitikako eta Ikerketa Estrategikoetako Masterrean (Madril), eta nazioarteko harremanetan eta analisi geoestrategikoan dago espezializatua. Gaur egun Ikerketa Estrategikoen Espainiako Institutuan du destinoa (Madril), non analista eta segurtasun euroatlantikoari buruzko aditu gisa egiten baitu lan.

Lluis Bassets Sánchez idazlea eta nazioarteko gaietan espezializatutako kazetaria da. Bere ibilbide profesionalaren parterik handiena “El País” egunkarian egin du: korrespontsal ibili da Parisen eta Bruselan, eta Kataluniako edizioaren zuzendari laguntzailea eta zuzendaria ere izan da. Gaur egun, iritzi zutabeak eta politikari buruzko analisiak idazten ditu egunkari horretan, bereziki nazioartekoak.

Marc Marginedas kazetaria Sobietar Batasun oihan eta mundu arabiar-islamiarrean dago espezializatua. Atzerriko berriemailerik onenarentzako “Cirilo Rodríguez” Saria (2013), Premi Nacional de Comunicació (2013) eta Kazetaritzako Luka Brajnovic Saria (2019) jaso ditu, eta “Periodismo en el campo de batalla: 15 años tras el rastro de la yihad” liburua idatzi du.