Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren LABORAL Kutxa Katedrak gaur, maiatzak 25, aurkeztu ditu Artearen eta Zientziaren 2022ko Jaialdirako antolatu dituen jarduerak. Jaialdi hori ekaineko zenbait egunetan eginen da, 19:30ean, Iruñeko bi agertokitan.
Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, Javier Cortajarena Goñi LABORAL Kutxako lurralde zuzendariak eta Joaquín Sevilla Moroder aipatutako katedraren zuzendariak aurkeztu dute prentsaurrekoan Artearen eta Zientziaren Jaialdiaren programa, zeinak hitzaldiak, kontzertuak eta erakusketak hartzen baititu barne. Jaialdi horretan eginen diren jarduerak batez ere dibulgatzaileak izanen dira (lehen "Artea, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak" ziklo gisa zen ezaguna), eta, haien bidez, sormen artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren ikuspegi integratu bat eman nahi da.
Jarduera guztiak 19:30ean izanen dira, erakusketak izan ezik, eta agertokiak Nafarroako Museoa eta Iruñeko Planetarioa izanen dira: lehenbizikoan, hitzaldiak emanen dira ekainaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an (asteazkenak), eta bigarrenean, berriz, hiru ikuskizun, ekainaren 9an, 18an eta 23an hurrenez hurren.
Ordezkari instituzionalak. Ezkerretik eskuinera, Javier Cortajarena, Ramón Gonzalo y Joaquín Sevilla.
Zehazki, programatutako hitzaldiak ekainaren 1ean hasiko dira, “Zein da zientziaren eta artearen arteko aldea?” hitzaldiarekin, Ricardo Piñeroren eta Patxi Araujoren eskutik; ekainaren 8an, Javier Vidorretak, Karlos G. Liberalek eta Ujué Agudok “Diseinua: artea eta zientzia gainjartzen dituen elementuetako bat” izanen dute hizpide; ekainaren 15ean, Vega Asensio, M. J. Calasanz eta Elisa Garrido “Ilustrazio zientifikoa”ri buruz mintzatuko dira; eta, ekainaren 22an, Iosune Sarasatek eta Asier Marzok “Zientziaren mugan sortzen. Ikaskuntza esperientzia batetik abiatuta” hitzaldia emanen dute.
Ikuskizunei dagokienez, ekainaren 9an, osteguna, Xabier Erkiziaren “Prooímon” soinudun performancea izanen da; ekainaren 18an, larunbata, Xurxo Mariñok eta Oswaldo Digónek zientzia, umorea eta poesia uztartzen dituen “Carbón, la brillante historia de una piedra negra” ikuskizuna aurkeztuko dute; eta, ekainaren 23an, osteguna, “Astros, notas y versos” ikuskizunaren txanda izanen da, Flautopía duoaren (Miriam Ridruejo eta Lola Barroso) eta Carlos Brionesen eskutik.
Erakusketak
Artearen eta Zientziaren Jaialdiaren baitan zenbait erakusketa-jarduera antolatu dira. Apaindu gunean (Curia kalea, 7), ekainaren 23ra arte “The Trained Particles Circus” egonen da ikusgai, Patxi Araujo artistarena, zeinak uztailaren amaieratik eta abuztuan zehar “Ehime Daruma” lana ere izanen baitu ikusgai Ziudadelako Labea aretoan. Artistak azaldu duenez, elkarren mendeko elementuz osatutako gune bat da; izan ere, "nolabaiteko lotura dute guneko elementu mekanikoek, elektronikoek eta birtualek, eta testuingurutik kanpo dauden edo a-teknologikoak diren beste unitate batzuek (haria, malgukiak, zirrindolak, amuak, binilozko disko zulatuak, irinezko ohea) eta publikoaren eta erakusketaren artean sortzen den harremanak argiz eta iluntasunez beteriko ingurune zuri-beltz batean". Halaber, Iosune Sarasate eta Asier Marzo “Egoitza sortzailea” izeneko lana prestatzen ari dira, eta jaialdian aurkeztuko dute.
Jaialdia aurkezteko ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Javier Cortajarena, LABORAL Kutxako lurralde zuzendaria; Ramón Gonzalo, NUPeko errektorea; eta Joaquín Sevilla, Katedraren zuzendaria.
Dibulgazio katedra
Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko LABORAL Kutxa Katedra duela 2 urte sortu zuten. Haren bitartez, NUPek eta LABORAL Kutxak bi entitateen arteko lankidetza garatu nahi dute ezagupen berriak sortzeko eta interes komuneko alderdi guztiak zabaltzen laguntzeko. Katedrak, bestalde, badu beste helburu bat: dibulgazio jarduerak egitea, bi entitateetako bakoitzak gizarteari eta inguruneari egiten dizkion ekarpenen berri emateko eta NUPek egiten dituen unibertsitate zabalpeneko jarduerei laguntzeko (kultur, kirol eta gizarte jarduerak).