NUPek Nafarroan duen ezagutzari eta irudiari buruzko inkestan elkarrizketatutako pertsonen % 98k uste du NUP “oso garrantzitsua” edo “nahiko garrantzitsua” dela Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialerako. Sei urtean behin egiten du inkesta NUPek, eta hainbat gairi buruzko galderak egiten ditu: irakaskuntzaren, irakasleen eta ikerketaren kalitatea, tituludunen prestakuntza, inbertsioa eta ikerketaren errentagarritasuna, besteak beste.
Zehazki, Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako NUP “oso garrantzitsua” edo “nahiko garrantzitsua” dela dioen balorazioa 2016an % 74 izatetik 2022an % 98 izatera igaro da. Gainera, 2016an elkarrizketatutako pertsonen % 20k hautatu zuen “oso garrantzitsua” aukera, eta 2022an, berriz, % 73k, hots, berrogeita hamar puntu egin du gora. Balorazio horiek Conocimiento y Desarrollo Fundazioak (CyD) 2020an eta 2021ean egindako azterlanen emaitzak berresten dituzte. Azterlan horien arabera, NUP unibertsitate liderra zen Espainian eskualdeko garapenari laguntzeari dagokionez.
NUPeko irakaskuntzaren kalitateari dagokionez, elkarrizketatutako pertsonen % 93k “oso ona” edo “nahiko ona” dela diote (2016an, berriz, % 75ek). Eremuen arabera, Iruñean bizi direnen % 90ek uste du irakaskuntzaren kalitatea “oso ona” edo “nahiko ona” dela. Indize hori % 96ra iristen da erdialdeko eremuan, % 95era Iruñerrian, % 94ra iparraldeko eremuan eta % 92ra Erriberan.
Testuinguru horretan, % 89k uste du NUPeko tituludunak “oso prestatuak” edo “nahiko prestatuak” ateratzen direla, eta 2016an ehuneko hori % 74 izan zen. Balorazio horrek zenbait txostenetan jada emandako datuak berresten ditu, hala nola Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak 2020an egindako Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanean. Azterlan horren arabera, Espainiako unibertsitate publikoetako lehena da NUP bere tituludunen laneratze-tasari dagokionez, zeina % 82,1 baita. Era berean, CIESek 2020an NUPentzat egin zuen azterlanaren arabera, graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera lanean ari diren tituludunen batezbestekoa % 92 zen, eta masterreko ikasketak amaitu eta bi urtera lanean ari diren tituludunen batezbestekoa, berriz, % 91,2.
Irakasleak eta ikerketa
Irakasleen kalitateari dagokionez, “oso ona” edo “nahiko ona” balorazioak gora egin du: 2016an % 50 zen, eta 2022an % 82. 2016an % 8k hautatu zuten “oso ona” aukera, baina orain erantzun hori elkarrizketatuen % 23k aukeratu dute; “nahiko ona” aukera % 42tik % 59ra igaro da.
NUPen ikerketa-mailari buruz ere galdetu zaie, eta “oso ona” edo “nahiko ona” erantzunak gora egin du elkarrizketatutako pertsonen artean: % 59 izan zen 2016an, eta orain, berriz, % 77. Ildo horretan, NUPen ikerketa-jarduerak Nafarroako gizartearentzat oso edo nahiko errentagarriak direla uste duen ehunekoa % 66tik % 73ra igo da, eta ikerketan inbertsio handiagoa egitea oso garrantzitsutzat edo nahiko garrantzitsutzat jotzen duten pertsonen ehunekoa, berriz, % 91tik % 98ra. Kasu horretan, ikerketan inbertsio handiagoa egitea "oso garrantzitsua" dela uste dutenak % 60tik % 81era igo dira.
Era berean, inkestan galdetu zen ea unibertsitateko hezkuntzan egindako inbertsio publikoa errentagarria den Nafarroako gizartearentzat. % 84k erantzun zuen “oso errentagarria” edo “nahiko errentagarria” dela, eta 2016an ehuneko hori % 80 izan zen. Galdera horretan gorakada handia izan da “oso errentagarria” dela uste dutenen artean, 2016an % 36 izatetik 2022an % 62 izatera igaro baita.
Inkestan parte hartu zutenen % 75ek uste du Nafarroako Unibertsitate Publikoa “batezbestekoaren gainetik” dagoela, eta % 12k “batezbestekoa baino pixka bat beherago” dagoela.
Galdeketan baloratutako beste alderdi batzuei dagokienez, hauek dira nabarmentzekoak: % 97k NUPen jarduera ezagutzen duela dio; % 76k uste du NUPek konpromiso handia duela gizartearekin; eta % 70ek dio NUPek konpromiso handia duela ingurumenarekin.
Fitxa teknikoa
2022ko inkesta Intercampo enpresak egin du. Elkarrizketatutakoen lagina 18 urtetik gorako 1.206 pertsonakoa izan da, konfiantza-maila % 95ekoa, eta errore marjina +/- % 2,8koa. 2016an, CIESek egin zuen azterlana, 1.200 pertsonako laginarekin, eta konfiantza-maila eta errore marjina 2022ko inkestako berberak izan ziren.