Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Smart Cities Institutuko ikertzaileen talde bat drone autonomo batzuen komunikazio-sistema bat ari da diseinatzen. Larrialdiko misioetan erabili nahi dute dronea, eta sistema aditu batek gobernatuko du. Lan hori EMERAL proiektuaren barnean kokatzen da, zeinean Tesicnor, Sistemas Navarra, i3Code Solutions, Naitec eta Fuvex enpresekin batera parte hartzen ari den NUP. Helburua da drone autonomoak lortzea, gai izanen direnak, hondamendi naturalak eragiteko ahalmena duten baldintza meteorologikoak gertatuz gero, modu autonomoan aireratzeko, aurrez finkatutako hegaldi-plan baten arabera hegan egiteko, ingurunean intereseko informazioa biltzeko eta kontrol-zentrora itzuli eta larrialdi zerbitzuko kudeatzaileei informazioa helarazteko.

“EMERAL: EMERgency uAvs for Long range” proiektua Nafarroako Gobernuaren proiektu estrategikoen azken deialdian finantzatu zuten. Helburua da uholdeetan helikopteroen ordez droneak erabiltzea informazioa biltzeko —helikopteroak erabiltzea garestiagoa baita, eta arriskutsuagoa larrialdi zerbitzuetako langileentzat—, bai prebentzio faseetan, kontingentzia-planak prestatzeko, bai larrialdi egoeretan, erreskateak abiatzeko edo tokiko jarduketak egiteko, bai eta hondamendiaren ondoren ere, ingurunean eragin dituen ondorioak aztertzeko.

zoom Drones

Ion Goizueta Crespo, Jesús Villadangos Alonso, José Ramón González de Mendivil Moreno, Alberto Córdoba Izaguirre, Federico Fariña Figueredo, José Javier Astrain Escola eta Francisco Javier Falcone Lanas

Abian dauden lanak dagoeneko garatuta eta operatibo dagoen web-aplikazio batean oinarritzen dira, Noe izeneko uholdeetarako larrialdi-planen kudeatzailean hain zuzen. Tesicnor enpresak sortu du aplikazio hori. Larrialdietan alarma goiztiar gisa jarduten duen sistema bat da, eta zehazten zazkion parametroen arabera jokatzen du. EMERAL proiektuko ikertzaileek aplikazio hori abiapuntutzat hartu eta droneen hegaldi autonomoa integratu nahi diote, sistema aditu batek operatuta. “Ez dugu aukera horiek barne hartzen dituen beste ekimenik ezagutzen munduan”, azaldu du proiektuko parte-hartzaileetako bat den Jesús Villadangos ISCko ikertzaileak. Villadangosez gain, Alberto Córdoba, José Javier Astrain, Francisco Falcone, José Ramón González de Mendivil, Ion Goizueta eta Federico Fariña, Almudena Ochoa Lainez, Pablo Medrano Fernández eta Sandu Ilco ikertzaileek ere hartzen dute parte proiektuan.

“Asmoa da sistema adituak jakinaraztea noiz den gomendagarria drone batek ikuskapen-bidaia bat egitea, automatikoki sortzea hegaldi-plan bat, plana ibilgailuan kargatzea eta ibilbideari ekitea. Lan egiten ari gara dena modu autonomoan egiteko aukera emanen duen agertoki bat lortzeko, baina praktikan beti beharko da sistemaren arduradun baten azken baimena, indarrean dagoen araudiaren arabera”. Nolanahi ere, hori oso positiboa da, sistemak denboran zehar ikasten jarraituko baitu, Villadangosek dioenez.

Ikertzaileek aurre egin beharreko erronka nagusia sistema adituaren garapena da, sistema horrek dauden aldagai klimatologikoak aztertu eta egin beharreko ekintzak gomendatuko baititu. “Horretarako, fuzzy logikan oinarritutako arau-sistema bat erabili dugu, sare neuronal baten antzekoa, baina gizakiaren ezagutza modelatzeko gai dena. Hauxe egiten dugu: larrialdietako teknikarien ezagutzak sisteman txertatu, eta balorazioak modelatu dauden parametroetan oinarrituta, eta, horren ondorioz, erabaki zehatzak lortzen dira”, laburbildu du ikertzaileak.

Oztopo geografikoak gainditzen

Ikertzaile taldeak aurre egin beharreko beste erronketako bat da lurraren orografia aztertzea eta balizko oztopoak gainditzeko gai den hegaldi-plan bat sortzea (esate baterako, eremu menditsuetan). Horretarako, sistemak LiDAR datu-baseak erabiltzen ditu ("light detention and ranging", ingelesetik). LiDAR teledetekzio optikoko teknika bat da, laser teknologia erabiliz tokian bertan informazioa biltzen duena, eta Europako estatu gehienek sarbide publikoko datu-baseetan kudeatzen dute informazio hori. Gainera, beste datu-iturri batzuk ere baditu, hala nola Sentinel-2 misioaren satelite-irudiak edo lurzoruaren erabilera-geruzei buruzko datu publikoak. Datu horietatik abiatuta, sistemak automatikoki sortu behar ditu hegaldi-planak, eta zailtasun handiak ditu horrek. 
“Basamortu batean planifikatzea erraza da, baina leku menditsuetan oso zaila, besteak beste, herrialde gehienen arauek dronearen eta operadorearen artean etengabeko komunikazioa izatera behartzen dutelako, behar izanez gero eskuzko eragiketa aktibatu ahal izateko, nahiz eta droneari urrunetik agindu hegan egiteko”, azaldu du ikertzaileak.

Arazo hori konpontzeko, proiektuko kideek beste drone bat gehitu dute larrialdietako misioetarako hegaldi-prozeduran, eta bigarren drone hori ikuskapenez arduratzen den dronearekiko komunikazio-lotura gisa erabiliko da. Azkenik, misioetan ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko, NUPeko ikertzaileak lanean ari dira droneen hegaldi-kontrolatzaileen segurtasun-softwarea hobetzeko.