Joan eduki nagusira

Osotara 481 ikasle (% 54 gizonak eta % 46 emakumeak) ari dira 2021-22 ikasturtean tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egiten; horietatik 126, atzerritarrak. Ikasle gehien dituzten atzerriko herrialdeak Kolonbia (20), Txile (13) eta Kuba (13) dira.

zoom Ongietorria egiteko jardunaldiko hizlariak, doktoregai berriekin

Ongietorria egiteko jardunaldiko hizlariak, doktoregai berriekin, NUPeko Sario eraikinean

Nafarroako Doktoretza Eskolak (EDONA) ongietorria egiteko egun bat antolatu zuen NUPen ikasten hasi direnentzat, eta informazioa eman zien Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei eta ikasketei buruz. Ongietorria egiteko egunean, honako hauek mintzatu ziren: Mercedes Sánchez García EDONAko zuzendaria, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea eta Begoña Vicente Yenes Ikerketa Institutuetako Negozio Garapenerako koordinatzailea, bai eta Iosu García Fernández eta Concepción Casado Redín ere, biak ala biak Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzukoak. Bestalde, Belén Villacampa Naverac Campus Iberuseko Doktoretza Arloko koordinatzaileak eman zuen hasierako hitzaldia: “Prestakuntza aukerak doktoretzan: ikerketa akademikotik harago”.

Aipatzekoa da 2018tik 2021era bitartean NUPen irakurritako tesien erdiek nazioarteko aipamena izan zutela. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste hauek: Espainiatik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin izana, tesiaren laburpena eta ondorioak gutxienez EBko hizkuntza batean argitaratzea (Espainiako hizkuntza ofiziala ez den batean), eta lana ebaluatzeko epaimahaikideetako bat gutxienez Espainiakoa ez den zentro bati lotutako ikertzailea izatea.

Doktoretza NUPen

2011ko 99/2011 Errege Dekretuaren arabera, unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa da doktoretza, kalitateko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak lortzera bideratua. NUPen kasuan, hiru atal nagusi hauetan egituratzen da doktoretzako prestakuntza: doktoregai guztientzako berdina den enbor bat, tesiaren jarduerari lotutakoa; programa bakoitzaren barruko prestakuntza espezifikoa, ikerketa-lerroei dagozkien gaitasunei lotutakoa; eta zeharkako prestakuntza, batez ere laneratzeko gaitasunak eskuratzera bideratua.

Gaur egun, hamabost doktoretza programa eskaintzen ditu NUPek, eta Unibertsitateko ikasketak antolatuta dauden bost adarretan. Zehazki, Arteak eta Giza Zientziak izeneko blokean, Giza eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Ondarea, Gizarteak eta Mugaguneak, bestetik. Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen blokean, hauek: Zuzenbide Pribatua; Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa/ Doctorate in Economics, Management and Organization; Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea; eta Gizarte Lana.

Bestalde, Zientzien blokean, programak hauek eskaintzen dira: Ingurumen Agrobiologia; Zientzia eta Teknologia Industrialak; Matematika eta Estatistika; eta, azkenik, Kimika Sintetikoa eta Industriala. Ingeniaritzan eta Arkitekturan, bestalde, lau programa daude: Nekazaritzako Elikagaiak, batetik, Bioteknologia, bestetik, Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak, eta, azkenik, Nekazaritzako Elikagaien Produkziorako eta Kalitaterako Sistema Eraginkorrak. Azkenik, Osasun Zientzien adarrean, programa bakarra dago: Osasun Zientziak.