Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamahiru ikertzaileri eman die Irakasleen 2021eko Bikaintasun Saria. Sariketa horren bidez, NUPeko jakintza-arlo eta sailetako zenbait irakaslek 2021ean egindako lan bikaina aintzatesten da. Ekitaldi instituzionala Olibondoak eraikineko gradu-aretoan egin zen, Arrosadiko campusean, eta Ramón Gonzalo aritu zen ekitaldiaren buru.

zoom Saridun guztien argazkia

Saridun guztien argazkia, Ramón Gonzalo errektorearekin eta Inés Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordearekin batera.

Irakasleen Gaietarako errektoreorde Inés Olaizola Nogales ere izan zen sari banaketan, eta Ana Mendioroz Lacambra Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslea mintzatu zen saridunen izenean. Mintzaldian, Ana Mendiorozek esan zuen “norbaiti prestakuntza egokia ematen diona dela irakaslea” eta hezkuntza “pertsonen eta gizartearen garapenean eragin handiena duen faktoreetako bat” dela. Saridun guztiei mintzatuz esan zuenez, “gure bokazioa motibatzea da, gure ikasleei entusiasmoa kutsatzea, ikerketa bultzatzea eta inspirazio-iturri izatea haien garapenerako”. Azkenik, irakaslearen esanean, “halako sariek animatu egiten gaituzte NUPen alde lan egiten segitzera kalitate bikaineko unibertsitate publikoa izan dadin eta konprometitua egon dadin irakasleen bikaintasunarekin eta gizartearekin. Nahiko nuke gure irakasteko grina are gehiago indartzeko balio izatea sari hauek”.

zoom Ana Mendioroz

Ana Mendioroz, hitzaldian

Honako irakasle hauei eman diete 2021eko Bikaintasun Saria: Jokin Aginaga García (Ingeniaritza Mekanikoa), Alicia Alonso Martínez (Gorputz eta Kirol Hezkuntza), José Javier Astrain Escola (Lengoaia eta Sistema Informatikoak), Jorge Elso Torralba (Sistemen Ingeniaritza eta Automatika), Eugenio Gubia Villabona (Teknologia Elektronikoa), Ana Ibáñez Pegenaute (Fisioterapia), Olga López De Dicastillo Sainz de Murieta (Erizaintza), María Aranzazu Lorenzo De Reizabal (Musika Adierazpenaren Didaktika), Ana Mendioroz Lacambra (Gizarte Zientzien Didaktika), Pablo Ruisoto Palomera (Oinarrizko Psikologia), Pablo Sanchis Gúrpide (Ingeniaritza Elektrikoa), Ekaitz Santacilia Salvador (Euskal Filologia) eta Alejandro Torres Gutierrez (Konstituzio Zuzenbidea). Sari gisa 1.000 euro ematen zaizkie irabazleei.

Ebaluazio sistema

Eskaerak ebaluatzeaz arduratzen den batzordea honako hauek osatzen dute: unibertsitateko irakasle prestigiotsu bat, NUPekoa ez dena eta Gizarte Kontseiluak izendatua; Irakasleen Gaietarako errektoreordea; ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten zenbait irakasle; unibertsitateko ikasleen ordezkari bat; eta beste unibertsitate bateko irakasle bat, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak izendatua (ANECA).

zoom Saridun batzuk

Saridun batzuk, irakasleen lana aintzatesteko ekitaldian

Irakasleek ebalua ditzaten eskatzen ahal dute nahi izanez gero, eta hiru alderdi hartzen dira kontuan: egokitasuna (irakasleak emandako edukiak zenbateraino datozen bat Unibertsitatearen, ikastegiaren eta titulazioaren eskakizunekin, plan estrategikoetan eta ikasketa-planetan jasota dagoenaren arabera), gogobetetzea (ikasleek eta arduradun akademikoek iritzi ona ote duten irakaslearen jardunaz) eta irakasleak berak bere jardunari buruz zer gogoeta egin duen eta zer hobekuntza aplikatu dituen (batzordeetan eta bileretan parte hartuz, eta irakasgaiari eta irakaskuntza-estrategiei buruzko prestakuntza jasoz).