Nafarroako Unibertsitate Publikoak SIGMA enpresaren lantoki bat izanen du laster. SIGMAk informazioaren teknologiak kudeatzen ditu. Lantokian, prestakuntza emanen diete Lanbide Heziketako ikasleei, bai eta lan munduan sartzeko gaikuntza ere. Lehen promozioak Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izanen du, eta xedea da prestakuntzaren ondoren SIGMAk ikasleetako batzuk kontratatzea. Modu horretan, bi urte barru lantokiak 20 garatzaile izanen lituzke, eta, lau urteren buruan, berrogeita hamar bat garatzaile.
Hasiera batean lantokia Sario eraikinean kokatuko da, Arrosadiko campusean. Lehen promozio honetan, SIGMAko irakasleek Cuatrovientos, Estella eta María Ana Sanz IIPetako Lanbide Heziketako hamar bat ikasleri emanen diete prestakuntza. Programaren xedea talentua erakartzea eta ikasleei lan munduan sartzeko gaikuntza ematea da. NUPen bidez, SIGMA enpresaren lantoki bat duen hirugarren egoitza izanen da Nafarroa; Madril eta Bartzelona dira beste biak.
SIGMA irabazi-asmorik gabeko talde bat da, eta 16 erakunde akademiko ditu buru, Espainiako garrantzitsuenen artean daudenak. Informazioaren teknologien bidez goi mailako hezkuntzako erakundeen kudeaketa optimizatzea da SIGMAREN jarduera nagusia, irtenbideak emanez kudeaketa akademikorako, irakaskuntzarako eta ikerketarako.
Doako prestakuntzako 400 ordu
Lehen prestakuntza martxotik ekainera bitarte eginen da, eta lehen promozioa aterako da hortik. Bigarren promozioa 2022ko irailetik abendura bitarte prestatuko da. Guztira, programak doako prestakuntzako 400 ordu eskainiko ditu. Ehun ordu presentzialki emanen dira, 09:00etatik 14:00etara, eta gainerako 300 orduak formatu erdipresentzialean.
Ikaskuntza-programak lau fase ditu: hastapenak, zabaltze teknikoa, ezagutza funtzionala, eta espezializazio fasea edo egiazko ingurune batean murgiltzekoa. Prestakuntzaren ondoren, ikasleek aukera izanen dute praktikak benetako lan ingurune profesional batean egiteko, lanpostu bat lortzeko proiekzioarekin bai SIGMAn, bai sektoreko beste konpainia batzuetan.