Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Salaketen Kanala jarri du martxan. Kanal horren bidez, elektronikoki eta nahi izanez gero modu anonimoan jakinaraziko zaizkio Unibertsitateari zuzenbidearen aurkakoak izaten ahal diren gertaera eta jokabideak eta Unibertsitatearen gobernu onaren eta administrazioaren printzipio etikoen kontrakoak. Ekimena 2021aren bukaeran NUPek onetsitako Iruzurraren aurkako Neurrien Planaren barrenean dago. Salaketen Kanala erabiltzeko moduan dago jada, Unibertsitatearen Gardentasun Atarian. Halako tresna bat abian jarri duen Nafarroako lehenbiziko erakunde publikoa da NUP, eta ministerio-agindu bat betetzen du horrela, Europako funtsen kudeaketarekin zerikusia duen orotarako halako tresna bat izatera behartzen duena.
Zehazki, gisa honetako gauzak jakinarazteko erabili behar da kanala: funts publikoen erabilera edo helburu irregularreko kasuak; erakunde publikoen zerbitzura diharduten langileen jokabideak, baldin eta beren eginkizunengatik lortzen duten informazioa helburu pribatuetarako erabiltzen badute; eta espedienteak tramitatzean irregulartasun administratibotzat hartzen ahal diren egintzak edo ez-egiteak. Formulario bat prestatu da halakoen berri emateko. Salaketa bakoitzari kode alfanumeriko bat esleituko zaio, eta informatzaileak gorde egin behar du Unibertsitatearekin duen harremanerako edo informazio garrantzitsua gehitzeko.
Informatzaileek ahalik eta zehatzena deskribatu behar dituzte gertaerak, eta dokumentazioa aurkeztu halakorik izanez gero. Unibertsitateak egiantzekoak ote diren aztertuko du lehenbizi, eta gero ikertu eginen ditu baldin eta informazio nahikoa badute eta Unibertsitatearen jardun-eremukoak badira. Begien bistakoa bada gezurrezkoak direla edo ez dutela justifikaziorik, zehapen prozedura aplikatzen ahalko zaie salaketei. Unibertsitateko idazkari nagusiak erabakiko du salaketak tramitera onartu edo ez; ikerketa, berriz, hiru kidez osatutako batzorde batek tramitatuko du, idazkari nagusia buru dutela. Ikerketak sei hilabete iraunen du gehienez ere, zailtasun bereziko kasuetan izan ezik.
Iruzurraren aurkako Neurrien Plana NUPen
NUPen 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoarekin bat dator Iruzurraren aurkako Neurrien Plana; izan ere, Unibertsitatearen balio nagusietako bat zintzotasuna dela dio Plan Estrategikoak. Bestalde, Espainiako Gobernuaren Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren kudeaketa-sistemak ezarria duenez, planaren parte den eta erabakiak hartzeko eta betearazteko ahalmena duen erakunde orok horrelako dokumentu bat izan behar du nahitaez.
Iruzurraren aurkako NUPeko Plana iruzurraren lau etapen inguruan dago antolatua: prebentzioa, detekzioa, zuzenketa eta zigorketa. Prebentzioaren barrenean sartzen dira, besteak beste, Unibertsitateko komunitatearentzako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak, interes gatazkarik ez dagoela ziurtatzeko adierazpenak nahitaez bete behar izatea zenbait kasutan, datu meatzaritzaren bidez informazioa egiaztatzea eta arrisku-mapak sortzea. Detekzioari dagokionez, iruzurren adierazle egokiak eta haien berri emateko mekanismo onak ezartzea proposatzen da planean (bigarren puntu horretan sartzen da Salaketen Kanala). Azkenik, iruzurrak zuzentzeari eta zigortzeari buruzko ataletan, halako irregulartasunen bat antzemanez gero dagokion prozedura berehala etetea dago aurreikusia, eta gertaera zigortzeko modukoak agintari eskudunen aurrean salatzea.