Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zenbait jarduera prestatu ditu Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira (otsailaren 11), helburu nagusi batekin: emakume gehiago egon daitezela STEM karreretan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika esan nahi du ingelesezko sigla horrek). Jarduerak asteazkenean hasiko dira, otsailak 9, “Emakumeak Nafarroako bioteknologian” mahai-inguruarekin. 10:00etan eginen da, Fernando Remacha aretoan, eta doakoa izanen da sarrera, aldez aurretik izena emanda aforoa bete arte. María Chivite Nafarroako lehendakariak eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak emanen diote bukaera NavBiotec ikasle elkarteak antolatutako ekitaldiari.
Bestalde, ostiralean, otsailak 11, Unibertsitateko zenbait irakaslek antzeztutako “Yo quiero ser científica” antzezlana ikusiko dute Hegoalde (Iruñea) eta Erreniega (Zizur Nagusia) ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 178 haurrek NUPeko Fernando Remacha aretoan, goizeko 10:00etan. Era berean, “Eta zure esku badago etorkizuna aldatzea?” izeneko bideoa argitaratuko da egun horretan, zeinean Ana Murillo ingeniari industrialak bere esperientzia azaltzen baitu. Otsailaren 11n bertan, NUPek, Nafarroako Unibertsitateak eta Biokimikako eta Biologia Molekularreko Espainiako Elkartearen “Emakumea eta Zientzia” taldeak deialdi bat eginen dute emakume zientzialarien artelanak biltzeko, “Artea eta Zientzia. Begirada femenino bat” erakusketan paratzeko xedez. 2022ko udazkenean izanen da erakusketa hori.
Azkenik, otsailaren 15ean, 19:00etan, Nafar Ateneoarekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin batera antolatutako ekitaldi bat eginen da Iruñeko Planetarioan. Bertan, zenbait bideo proiektatuko dira, eta NUPeko emakume ikertzaile batzuek “A hombros de gigantas” liburuko “scikus” izenekoak irakurriko dituzte (science haikus). Bukatzeko, Historiako emakume zientzialariei eta egungo egoerari buruzko solasaldi bat eginen da.
STEM karreretako emakume kopuru txikia eta NUPeko jarduerak
NUPen Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak prestatu ditu dibulgazioko eta sentsibilizazioko jarduerak, Unibertsitateak ikasketa zientifiko eta teknikoetan hain emakume gutxi egotea saihesteko antolatzen dituen ekintzen barnean. Izan ere, NUPeko graduko ikasle guztien % 52,6 emakumeak diren arren, % 13 eta % 28 bitarte baizik ez dira titulazio teknologikoetako ikasleak.
Zehazki, emakumeak % 13 dira Ingeniaritza Mekanikoan, % 14 Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan, % 18 Ingeniaritza Informatikoan, % 20 Industria Teknologien Ingeniaritzan eta % 28 Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzan. Bestalde, 10 ikasletik ia-ia 8 dira emakumeak Osasun Zientzietako graduetan (% 86 Erizaintzan) eta Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzietakoetan (% 80 Gizarte Lanean eta % 93 Haur Hezkuntzako Irakasletzan). Masterreko titulazioetan ere, gutxiago dira emakumezkoak (% 45, gizonezkoak % 55 baitira). “Genero arrakala honen aurkako borrokan, ezinbestekoa da estereotipoak baztertzea, bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan”, esan du Gurutze Pérez Artiedak, NUPen Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren arduradunak. “Balio berdinzaleetan oinarritutako hezkuntza bultzatu behar da, eta emakume gehiago aritzea zuzendari eta lider postuetan, eta, horrez gain, konfiantza, motibazioa eta erreferenteen presentzia sustatu behar dira emakume eta nesken artean”, adierazi du. “Horregatik, ezinbestekoa da berdintasuneko politikak bultzatzea maila eta arlo guztietan”.
Alde horretatik, nabarmentzekoa da NUPek zenbait ekimen abiarazi dituela: katedraren sorrera, “Yo quiero ser científica” antzezlana (12.000 lagunek ikusi dute jadanik, % 90 Lehen Hezkuntzako ikasleak), beste erakunde eta entitateekiko koordinazioa edota ikastetxe eta institutuekiko, Nafarroako Gobernuarekiko eta Aditechekiko aliantzak SINAI sareko ekintzetan parte hartzeko (Nafarroako Berrikuntza Sistema), genero ikuspegiari buruzko ikerketa sustatze aldera. Halaber, emakumeen ahalduntzea eta lidergoa sustatu dira NUPen, ikasle, irakasle eta ikertzaileei prestakuntza-jarduerak eskainiz eta berdintasuneko zeharkako gaitasunak abiaraziz, besteak beste.