Truke-programetan parte hartzen duten 24 herrialdetako 102 ikaslek eginen dute udaberriko seihilekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2021-22 ikasturtean, erakunde akademikoak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programa desberdinen barnean. Aste honetan, ikasle horientzat antolatzen dituen ongietorria egiteko jardunaldietatik bigarrena egin du Unibertsitateak; bertan Iruñeko egonaldirako informazio praktikoa eskaintzen zaie.
Gainera, Buddy programan parte hartzen duten NUPeko ikasleek laguntza emanen diete etorri berriei. Harrera ekimen horren bidez kanpoko ikasleei laguntza ematen zaie dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzeko, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten.
Ikasle horietako gehienek graduko ikasketak eginen dituzte NUPen eta sei pertsonak master ikasketak. Ongietorriaren barnean, Unibertsitateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak koordinatuta, bisita gidatu bat ere eskaintzen zaie Unibertsitatean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere. Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian espainierari buruzko astebeteko ikastaro trinkoa eta doakoa egiteko aukera ere badute.
Topaketa horretan, Erasmus Eszena programan parte hartzeko gonbita egin zitzaien, eta horri esker NUPeko antzerki taldearen antzezlan baten muntaketan parte hartzen ahalko dute beste ikasle batzuekin eta gizarteratze prozesuetan dauden pertsonekin batera.
Programak eta herrialdeak
Nazioarteko ikasleak (63 emakume eta 39 gizon) 24 herrialdetakoak dira, gehienak Europakoak, eta honela daude banatuta: Italia (20), Txile (7), Estatu Batuak (7), Frantzia (7) eta Uruguai (7), Austria (6), Alemania (6), Mexiko (5), Herbehereak (5), Polonia (4), Kolonbia (3), Peru (3), Txekiar Errepublika (3), Suedia (3), Kanada (2), Grezia (2), Hungaria (2), Irlanda (2), Uruguai (2), Argentina (1), Belgika (1), Japonia (1) eta Turkia (1). Horietaz gainera, 2 ikasle Espainiako unibertsitateetatik datoz Seneca-Sinue programaren esparruan.
Alde horretatik, programa motaren arabera, Seneca-Sicue-ren aipatutako biez gainera, 69 ikasle Erasmus+ programakoak dira (Europako eta beste herrialde elkartu batzuetako ikasleekin trukea egiteko); beste 18 ikasle Palafox programarekin datoz NUPera (Latinoamerikarekin trukea egiteko); 7 ISEP USA programaren bidez datoz; 3, unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmenen bidez; eta bi pertsona ikasle bisitari gisa datoz.