Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) lider duen talde batek abian jarri du esku-hartze digital pertsonalizatua diseinatzeko eta ebaluatzeko proiektu bat, adimen artifizialean oinarritua, bularreko minbizitik epe luzera bizirik atera diren emakumeek bizi-kalitate hobea izan dezaten. Minbizitik epe luzera bizirik atera direla esaten zaie gaixotasun hori gainditu duten eta onkologia medikoko zerbitzuen alta jaso duten pertsonei, oro har diagnostikoa egin eta tratamenduak amaitu ondoren 5 urte igaro direnean. CUMACA-M (CUidados Más Allá del CÁncer-Mama) izeneko proiektua IdiSNAren bidez aurkeztu da, eta 82.280 euroko dirulaguntza jaso du Carlos III Osasun Institutuaren Osasuneko Ekintza Estrategikoaren deialdian (Gizartearen Erronken Ikerketara bideratutako Estatuko Programa). Urtarrilean hasi, eta 2024. urtea bukatu arte iraunen du.
Proiektuaren helburuak hiru fasetan gauzatuko dira. Lehenbizikoan, esku-hartze digitalaren edukia diseinatuko da, eta web formatuan eta sakelakorako aplikazioan aurkeztu. Horretarako, epe luzera bizirik atera diren pertsona horiei zuzendutako gomendio eta gida klinikoei buruzko literatura nazionala eta nazioartekoa berrikusiko dira, eta diziplina anitzeko adituen talde batek baliozkotuko du esku-hartzearen edukia. Emakume talde batek esku-hartzea probatuko du, adimen artifizialari esker beren behar pertsonaletara egokituko dena.
El equipo investigador, en la Facultad de Ciencias de la Salud de la UPNA. En la fila superior, de izda. a dcha., José Antonio Sanz, Paula Escalada Hernández y Marta Domingo Oslé. Fila inferior, de izda. a dcha., Rosario Orzanco Garralda, Nely Soto Ruiz, Cristina García-Vivar y Nerea Elizondo Rodríguez.
Bigarren fasean, pilotatze bat eginen da baliabidea erabili duen emakume taldearekin, komeni diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko. Azkenik, hura inplementatu eta ebaluatuko da, erabiltzaile taldea paziente kronikoentzako ohiko arreta jasoko duen beste talde batekin alderatuz. Jarraipena protokolo baten bidez eginen da, informazioa bilduko duena datu soziodemografikoei, datu klinikoei, bizi-kalitateari, norberak minbiziaren ondorioak kudeatzeko duen efizientziari eta esku-hartzearekiko iritziari buruz. Datuak esku-hartzea baino lehenago eta handik 3, 6 eta 9 hilabetera bilduko dira. Ikerketa hau aitzindaria da minbiziaren arretaren arloan; beraz, haren arrakasta frogatuz gero, litekeena da Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako sisteman integratzea.
CUMACA-M proiektuko ikerketa-taldea hainbat eremutako profesionalek osatzen dute (akademikoak, ikertzaileak eta klinikoak), zeinek esperientzia baitute minbizitik bizirik atera direnen kasuetan, osasun berrikuntzan (konputazioa eta adimen artifiziala), osasun arretaren jarraitutasunean eta oinarrizko osasun laguntzan.
Ondorioak eta zainketak minbizia gainditu duten pazienteengan
Minbizitik bizirik atera direnak gero eta gehiago dira, zenbait faktoreren ondorioz, hala nola detekzio goiztiarra, tratamenduak eta osasun zerbitzuetarako irisgarritasun hobea. Testuinguru horretan, bularreko minbizitik bizirik atera diren emakumeen kopurua ere gero eta handiagoa da. “Horietako batzuk arazorik gabe itzultzen dira eguneroko bizitzara. Hala ere, askotan aurre egin behar izaten diete ondorio fisikoei (neke kronikoa, mina, etab.) psikologikoei (antsietatea, depresioa, berrerortzeari beldurra, etab.) eta sozialei (pertsonen arteko harremanak aldatu izana, lanera itzultzeko zailtasuna, etab.). Askotan, osasun sistema ez da osasun arazo horietaz arduratzen, ez baitago argi zehaztua oinarrizko osasun laguntzako langileek zer eginkizun izan behar duten minbizitik epe luzera bizirik atera direnen zainketei dagokienez”, azaldu du Nely Soto Ruizek, Cristina Garcia-Vivar kidearekin batera proiektuko ikertzaile nagusia denak. “Nahiz eta nazioartean esperientzia arrakastatsuak badauden oinarrizko osasun laguntzan minbizitik epe luzera bizirik atera direnentzako zainketa-planak ezartzeari dagokionez, Espainian motelagoa izaten ari da ezarpen hori”, ondorioztatu du Cristina García-Vivarrek.
Bestalde, Nely Soto Ruizek azaldu duenez, “osasunean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzeak eraginkortasuna erakutsi du alderdi psikologikoak, bizi-kalitatea eta autoefizientzia hobetzeko orduan”. “Horrez gain, aukera egon daiteke esku-hartzeak pertsonalizatzeko, adimen artifizialeko algoritmoak erabiliz”, nabarmendu du. Faktore horiek guztiak direla eta, pertsona horien beharrei erantzuna emateko proiektu egoki eta aitzindari gisara planteatzen da CUMACA-M.
Diziplina anitzeko talde akademikoa, ikertzailea eta klinikoa
Esan bezala, CUMACA-M proiektuko ikertzaile nagusia Nely Soto Ruiz da, Cristina García-Vivarrekin batera. Haiez gain, Leticia San Martín Rodríguezek, Paula Escalada Hernándezek eta Marta Ferraz Torresek osatzen dute taldea. Erizainak dira denak, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta Erizaintzako Praktika Berriak (inno-CARE) taldeko ikertzaileak NUPen eta IdiSNAn. Halaber, minbizitik bizirik atera direnek Espainiako Erizaintza Onkologikoaren Elkartean (SEEO) duten talde nazionalaren arduraduna da Cristina García-Vivar.
Honako hauek osatzen dute taldea: Ana Beatriz Bays Moneo, fisioterapeuta eta NUPeko irakaslea; José Antonio Sanz, ingeniari informatikoa, irakaslea eta NUPeko Adimen Artifiziala eta Arrazonamendu Hurbila taldeko ikertzailea (GIARA); Rosario Orzanco Garralda, erizaina eta NUPeko irakasle elkartua, eta Óscar Lecea Juárez, familiako medikua eta Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.
Gainera, honako hauek ere hartzen dute parte: Nerea Elizondo Rodríguez, erizaina eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (NUO) Zainketetako zuzendariordea; Ainhoa Ullibarri Ochoa, erizain onkologikoa, Gasteizko Erizaintza Eskolako irakaslea eta minbizitik bizirik atera direnek SEEOren barnean duten talde nazionaleko kidea; Marta Domingo Oslé, Nafarroako Unibertsitate Klinikako (CUN) erizaina eta Nafarroako Unibertsitateko (UN) Erizaintzako Irakaskuntza Praktikoaren Unitateko zuzendariordea; Nuria Domenech Climent, erizaina eta SEEOko lehendakariordea, eta, azkenik, aholkulari gisara, Deborah Mayer, Ipar Carolinako Unibertsitateko katedraduna, minbiziaren biziraupenaren arloko nazioarteko aditu ospetsua eta Ameriketako Estatu Batuetako Minbiziaren Institutu Nazionaleko (NIC) Biziraupen Bulegoko zuzendari ohia.