Sara Furtado Eraso NUPeko Erizaintzako diplomadunak umea jaio baino lehentxeago edo jaio ondo-ondoan bat-batean galtzen duten emakumeen bizipenak ikertu ditu doktoretza-tesian, bai eta halako galera batek nolako erantzun emozionala eragiten duen ere. “Esperientzia gogorra da —dio erizainak—, zikloi tropikal baten antzekoa, lur jota eta atsekabez beterik uzten baititu halako galeraren bat sufritu dutenak”. Erantzun emozionala amak haurdun pasatu duen denboraren mende baino gehiago dago “beste faktore batzuen mende, esate baterako, lehenago halako galerarik izan ote duen emakumeak, amak zenbat urte dituen, ernalketa zer motatakoa izan den, haurdunaldia nolakoa izan den edo haurdun egoteak nolako garrantzia zuen emakumearentzat”.
Sara Furtadok maila ertaineko teoria bat landu du tesian, "Umearen jaiotza inguruko heriotza, zikloi suntsitzaile bat" izendatu duena, eta emakumeek umea galtzea nolako fenomenoa den azaltzen ahalegindu da teoria horrekin. Fenomeno horren eta zikloi tropikalen arteko analogia erabili du horretarako; izan ere, “bortizki eta ustekabean gertatzen dira bi fenomenoak, eta lehenagoko oreka galarazten dute; gainera, beste galera batzuk ere ekartzen dituzte, kalteak eragiten baitira testuinguruan eta ingurunean ere ‘hedatze uhin’ baten barrenean gertatzen den bezala; eta, azkenik, isiltasuna uzten dute atzean, halako fenomenoak eta haien ondorioak ez aipatzeak sufrimendua eta egiazko ondorioak saihestuko dituztelakoan”.
Blanca Marín Fernández eta Paula Escalada Hernández NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak izan dira doktoretza-tesiaren zuzendariak, eta bikain “cum laude” kalifikazioa eman diote tesiari.
Sara Furtadok honako helburu espezifiko hauek planteatu zituen: jakitea haurra galtzeak zer dakarren eta horren ondoren zerk errazten edo zailtzen duen emakumeen adierazpen emozionala, nolako eragina duen emakumeen ingurunean, eta zer estrategia erabiltzen ahal diren galera perinatala jasan duten emakumeak hobeki zaintzeko. “Zikloiek nahigabe handia sortzen duten bezala —azaldu du doktore berriak—, umea galtzeak suntsitu egiten ditu amen ilusioa, haien etorkizuneko asmoak eta are haien barrenaren parte bat ere, amatasunaz egina zuten proiekzioarekin lotua dagoen partea. Hori dela-eta, galeraren ondorioak, unean bertan ez ezik, umearekin irudikatua zuten geroan ere sufritzen dituzte”.
Interbentzioaren faseak eta arloak
Ikerketako datuak eta elkarrizketak aztertuta, zazpi fase eta hiru interbentzio arlo identifikatu ditu tesiaren egileak, emakumeari gertatzen zaizkionak eta galera perinatalen bizipenetan eragina dutenak. Zehazki, hauek dira faseak: ezbeharra gertatu baino lehenagokoa (galera perinatalaren aurrekoa), inpaktuaren fasea (emakumeari diagnostikoa egiten diotenean), larrialdi fasea (emakumea ospitalean dagoenean), lasaialdia edo ogi ezteiak (etxera bueltatzen denean), desilusio fasea edo inbentarioa egitekoa (etxean zenbait egun pasatutakoan, galeraren errealitatea sumatzen hasten denean), bere onera etortzeko eta indarberritzeko fasea (dolua egitean), eta arrastoen fasea (ondorio fisikoak eta/edo psikologikoak izaten dira; baliteke fase hau luzatzea).
Zikloien analogiarekin segituz, Sara Furtadok hiru interbentzio arlo deskribatu ditu galerari aurre egiteko: lehenbizikoa salbamendu-eremua edo eremu beroa da, eta senitarteko hurbilenekin dago erlazionatua. Hor gertatzen da inpaktua eta desegituratzen da gehiena sistema. “Haurra hiltzen zaion emakumea da galeraren elementu nagusia, baina haren bikotekideak, anai-arrebek, aitona-amonek eta hildako haurraren inguruneak ere sufritzen dute”.
Bigarrenik, sorospen-eremua edo eremu epela dago, eremu segurua ere esaten zaiona. Osasun arloko profesionalak daude hor. “Salbamendu-eremuaren ondoan dago, eta eremu segurua izan behar da, eragindako gunearen eta arriskurik gabeko gunearen artekoa. Osasuneko profesionalek egoeraren diagnostikoa egiten dute, eta emakumeari laguntza ematen diote ezbeharraren ondoren”.
Hirugarrenik, oinarrizko eremua edo eremu hotza dago, gizartearena alegia. “Laguntza-eremu gisa da ezaguna, eta eremu segurua da. Eskura dauden laguntzeko moduak antolatzen dira, eta ezbeharraren inguruan gizartea nola portatzen den hartzen da kontuan, gizartea isilik gelditzen baita halako zerbait gertatzen denean, eta ez da izaten protokolorik dolua egiten ari diren amentzat”.
Azkenik, tesiaren egilearen ustez, emaitza horiek “oinarri teoriko gisa erabil lezakete osasuneko profesionalek galtze-prozesua sufritzen ari diren emakumeen zaintza indibidualizatua prestatzeko, eta gizartearen arreta erakartzeko balio lezakete dolu perinatala ezagutzera emateko eta prozesu horretan laguntzeko”.
CV laburra
Sara Furtado Erizaintzan diplomatu zen NUPen (2006), eta Unibertsitateko Adituaren bi ikastaro egin zituen Miguel de Cervantes Europako Unibertsitatean: Larrialdi Perinataletakoa eta Jaioberrien Zainketako eta Erizaintzarako Zainketa Patologikokoa. Doktoretza, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du. Ibilbide profesionalari dagokionez, erizain gisa aritu da Tafallako oinarrizko osasun laguntzako helduen kontsultetan eta pediatriakoetan, etxeko ospitalizazioko zerbitzuan (Nafarroako Ospitalegunean) eta Arrosadiko Osasun Zentroko Osasun Mentaleko atalean. 2011tik 2013ra erizain lanetan aritu zen Melbourneko Dorevitch Pathology zentroko Diagnostiko Espezializatuko Zerbitzuan (Australia). 2014tik 2019ra Nafarroako Ospitaleguneko Amatasuneko Bigarren Unitatean lan egin zuen, eta 2019az geroztik Iruñeko Alde Zaharreko Osasun Zentroko oinarrizko osasun laguntzan ari da lanean.