Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Kontseiluak erakundearen 2022rako aurrekontua onartu du gaur, abenduak 23 (osteguna), 103.188.797 eurokoa guztira. 2021. urtearekin alderatuta, % 18,5eko igoera izan du, horren barrenean baitago Osasun Zientzien Fakultateko eraikin berria egiteko esleitu den 11.186.920 euroko zenbatekoa. Kontzeptu hori gabe, aurrekontua 92 milioi euro ingurukoa izanen litzateke (87 milioi eurokoa izan da 2021ean).

zoom Presupuesto

Arrosadiko campusa

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak abenduaren 16an egindako bileran onartu zuen heldu den urterako aurrekontu proiektua, eta, gero, Gizarte Kontseiluari igorri zitzaion, organo horri baitagokio hura behin betiko onartzea.

Gastuen kapitulu nagusia langileena da, 71 milioi eurokoa (aurreko urtean baino % 3,9 gehiago). Ondoren datoz inbertsio errealak (16,8 milioi; 11,1 Osasun Zientzien Fakultateko eraikinari dagozkionak) eta ondasun eta zerbitzu arruntak (14,08 milioi). Transferentzia arrunten kapitulua 1,1 milioi eurokoa da.

Diru-sarrerei dagokienez, zenbateko handieneko kapitulua transferentzia arruntei buruzkoa da (76 milioi euro), eta, jarraian, tasa, prezio publiko eta bestelako diru-sarrerena (14,22 milioi). Kapital-transferentzien kapitulua 700.000 eurotik 12 milioira areagotu da, Medikuntza, Erizaintza eta Psikologiako ikasketetarako eraikina egin beharraren ondorioz –gorago esan bezala–, eta, azkenik, ondarezko diru-sarrerena 1.520 eurokoa da.

Aurrekontu hori Nafarroako Gobernuarekin 2022-2024 aldirako urte anitzeko finantzaketa-hitzarmena sinatu ondoren prestatu da. Aurreikuspenen arabera, Nafarroako Gobernuak 77 milioi eurotik gorako transferentzia eginen dio Unibertsitateari. Funts horietako gehienak (74,9 milioi) egiturazko finantzaketa eta emaitzen finantzaketa gisa jasotzen dira; 1,4 milioi, hobekuntzetarako finantzaketa gisa, eta 1 milioi, berriz, inbertsioetarako finantzaketa gisa.