Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak berriz irekiko ditu hemendik laster Arrosadiko campusean dituen golf instalazioak, eta Nafarroako Golf Federazioa arduratuko da haien kudeaketaz eta mantentze lanez. Hala adostu dute bi erakundeek gaur, azaroak 30 (asteartea), Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta Manuel Urra Martínez Nafarroako Golf Federazioaren lehendakariak NUPen sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren bidez. 

zoom Golf

Begoña Pérez Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea eta Manuel Urra Nafarroako Golf Federazioaren lehendakaria, hitzarmena sinatzeko ekitaldian

Hitzarmenean adierazten denez, Nafarroako Golf Federazioak kirol horren ezagutza eta praktika Nafarroako gizartera zabaltzea ezarri du helburu gisa. “NUPeko praktikarako jokalekuan lan hori egiteko aukera ezin hobea ikusten dugu, bere kokapenagatik, publiko potentzial gaztearekin duen loturagatik, bere instalazio bikainengatik eta Unibertsitateak bere sorreratik kirolaren alde egin duen apustu irmoagatik bere modalitate eta maila guztietan”, akordioaren arabera.

Hitzarmenak ezartzen duenez, NUPek instalazioen erabilera lagatzen dio Nafarroako Golf Federazioari, eta hark bere gain hartzen du lagatako sistemen eta ekipoen kudeaketaz, kontserbazioaz eta mantentze lanez arduratzeko konpromisoa. Era berean, federazioak aukera izanen du instalazioak hobetzeko lanak egiteko, hala nola zuloak, “Pitch and Putt” berriak, “bunkerrak” edota “greenak” sortu. Erabileraren lagapena zortzi urterako ezarri da, eta beste lau urtez luzatzeko aukera egonen da.

zoom Golf2

NUPeko golf instalazioak

Sarrera eta prezioak

Federazioak libreki finkatuko du jokalekuan eskainiko diren zerbitzuen prezioa (hasteko nahiz hobetzeko eskolak, praktiketarako espazioa, piloten, makilen eta instalazioen alokairua, etab.), baina NUPeko komunitateko kideek % 25eko deskontua izanen dute.

Unibertsitatea bera arduratuko da sarrera kontrolatzeaz. Bai instalazioen egutegia eta bai haiek irekitzeko eta ixteko ordutegia Unibertsitateak une bakoitzean bere kirol instalazioetarako sarbide orokorrerako ezartzen dituen arauetara egokitu beharko dira. Federazioak, praktikarako jokalekuaren kudeatzailea izanen den aldetik, aukera izanen du egutegi eta ordutegiak finkatzeko, betiere Unibertsitateak ezarritako programazioa eta sartzeko arauak errespetatzen badira.