Marta López Marsá (Iruñea, 2001) Datuen Zientziako Graduko hirugarren ikasmailako ikaslea hautatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko buru. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako talde-ordezkariek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute.
Oskar Fernández Luzuriagaren kargua hartuko du Marta López Marsák, 2019ko abenduan hautatu zuten ordezkariarena. Ikasleen ordezkari berriak Monjardín Lizeoan egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak, eta NUPeko ikasleen ordezkaria izan da azkeneko bi urteetan Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinakundearen eta Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluaren bileretan (CREUP eta CEUNE hurrenez hurren). NUPeko Eztabaida Taldeko kidea ere bada.
Ordezkari berrien aukeraketa
Ikasleen Kontseiluko burua organo horren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko kideak berritu zituzten, eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta eskolak) eta ikastegietako kalitatea bermatzeko batzordeetako ordezkariak hautatu. Bilkura Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egin zen, eta ikasleen komunitateko ehun bat kidek hartu zuten parte, Tuterakoek barne.
Marta López Marsák Zuzenbideko Graduko ikasle Garazi Aizkorbe Escriche eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programako Aitor Nicuesa García hautatu ditu idazkari. Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran, halaber, Batzorde Iraunkorreko kideak ere hautatu zituzten: Julen Pedrosa Ganuza (Osasun Zientzien Fakultateko ordezkaria), Luis Martínez Gómiz (Zientzia Juridikoen Fakultatekoa), Aitor Cantero Crespo (Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko ordezkaria), Teresa Monreal Fernández (Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikokoa), David García Corres (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoa), Marina Alberdi Morillo (Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoa), Sergio de la Rúa Pascual (Tuterako campuseko ordezkaria) eta Mikel Imizcoz Aramburu (doktoretzako ordezkaria).
NUPeko Ikasleen Kontseilua. Ezkerretik eskuinera: Mikel Imizcoz Aramburu (doktoretzako ordezkaria), Garazi Aizkorbe Escriche (idazkaria), Sergio de La Rúa Pascual (Tuterako ordezkaria), Julen Pedrosa Ganuza (Osasun Zientzietakoa), David García Corres (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoa), Marta López Marsá (kontseiluburua), Luis Martínez Gomíz (Zientzia Juridikoen Fakultateko ordezkaria), Teresa Monreal Fernández (NIBGMET) eta Aitor Cantero Crespo (IITIGMET). Argazkian, ez daude Marina Alberdi Morillo (Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ordezkaria) eta Aitor Nicuesa García (koordinatzailea).
Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak
Ikasleen Kontseilua eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mende dago. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; Unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea eta ikastegietako batzordeetako eta sailetako kontseiluetako kide izanen diren ordezkariak hautatzea.
Horretaz gainera, ordezkari-lanak egiten ditu Espainiako zenbait organotan, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluan (CEUNE), eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetan.
Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: batetik, osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita, irakaskuntzaldian; eta, bestetik, Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi kidek osatua (ikastegi bakoitzeko ordezkari bat, doktoretzako ikasleen beste ordezkari bat eta Tuterako campuseko beste bat).