Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere irrati-teleskopioari Jocelyn Bell Burnell astrofisikari iparrirlandarraren izena jartzea erabaki du (Belfast, 1943), Cambridgeko Unibertsitatean graduondokoa egiten ari zenean berak aurkitu baitzuen, beste lankide batzuekin batera, lehenbiziko pulsarra (pulsating star izenaren akronimoa, hots, neutroiz osatutako dentsitate altuko izarra, oso azkar jiratzen dena eta tarte erregular eta laburretan erradiazio elektromagnetiko oso handiak igortzen dituena). Aurkikuntza horri esker, bere tesi-zuzendari Antony Hewish irrati-astronomo britainiarrak Nobel Saria irabazi zuen 1974an. Jocelyn Bell Burnellek, aldiz, ez zuen aitormenik jaso.
NUPen omenaldiaren harira, astrofisikariak hitzaldi bat emanen du azaroaren 9an, asteartea, 11:00etan, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, “Careering through astronomia” izenburupean. Sarrera librea izanen da aforoa bete arte, eta saioa “online” jarraitzen ahalko da Unibertsitateko kultura zientifikoaren YouTubeko kanalaren bidez, non grabatua geldituko baita. Hitzaldia omenaldi instituzional baten parte izanen da, eta bertan egonen dira Gurutze Pérez Artieda Kulturako eta Dibulgazioko zuzendaria eta Juan Cruz Cigudosa García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria. Patxi Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak ere hartuko du parte, baita Silvia Díaz Lucas Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak ere, irrati-teleskopioaren sustatzaileetako bat den aldetik. Ondoren, 12:30ean, bisita gidatua eginen da NUPeko praktiketarako etxaldean kokatua dagoen instalazio horretara.
Astrofisikariaren izena irrati-teleskopioan idatzia geldituko da, honako testua duen plakan: “Joselyn Bell Burnellen ohorez, zientziaren eta astronomiaren garapenari egindako ekarpenagatik, lehenbiziko pulsarra (PSR B1919 +21) deskubritu zuelako 1967ko uztailean” (gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz). Irrati-teleskopioa zeruko gorputzek igorritako irrati-uhinak harrapatzeko eta horiek aztertzeko erabiltzen den tresna bat da. Espainiako unibertsitate batean inoiz instalatutako handiena da NUPekoa.
Jocelyn Bell Burnell irrati-teleskopioa bultzatu duen taldea, instalazioaren ondoan, iazko aurkezpenean.
Jocelyn Bell Burnell irrati-teleskopioaren deskribapena
Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoak (IITIGMET) babestutako irrati-teleskopioa 2016an sortu zen, astronomian interesa zuen NUPeko ikerketa-talde baten eta zenbait langileren ekimenez, eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko praktiketarako etxaldean dago. Proiektu honen bidez, irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazioa uztartu nahi dira, hainbat eragile inplikatuz horretarako. Horrela, proiektua garatu eta gauzatzean, ikertzaileez gainera (ingeniaritza elektrikoaren arlokoak, telekomunikaziokoak, informatikakoak, etab.), ikasleek ere hartuko dute parte, etorkizunean proiektuaren alderdiren baten inguruan egiten ahalko baitituzte gradu edo master amaierako lanak.
Ohiko teleskopioen kasuan ez bezala, horiek argi ikusgarriko irudiak hartzen baitituzte, irrati-teleskopioa irrati-uhinen hargailu bat da. Zeruko gorputz askok irrati-maiztasuneko erradiazioak igortzen dituztenez, erradiazio horiek errazago detektatzen dira espektro elektromagnetikoaren irrati-eskualdean argi ikusgaiarenean baino. Erradiazio horien guztien azterketari irrati-astronomia esaten zaio. Astronomiaren adar ezezagun horri esker, astronomia optikoaren bidez detektatu ezin diren gorputzak eta egoerak ikusten ahal dira: adibidez, meteoroak detektatzen ahal dira, galaxien irudiak lortu eta Jupiterren inguruko leherketak entzun, baita eguzki-fenomenoek edo aurora borealek sortzen duten soinua ere.
Irrati-astronomian, seinale onak jasotzeko, ezinbestekoa da antena handiak edo paraleloan lan egiten duten antena txikiagoen multzoak erabiltzea. Irrati-teleskopio gehienek antena paraboliko bat erabiltzen dute uhinak anplifikatzeko. NUPen kasuan, bere antena parabolikoak 4,5 metroko diametroa du, eta 150 kilo inguruko pisua.