Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide gisa atxiki zaio UNITA partzuergo europarrari. UNITA Europako bost herrialdetako sei unibertsitateren arteko aliantza estrategikoa da; unibertsitate horiek muga inguruko eskualde menditsuetan kokatuta daude, eta eskualdeen garapena dute misio nagusitzat. Partzuergoa Erasmus programaren "Europako Unibertsitateak" deialdiaren bigarren txandan hautatu zen, eta honako hauek ditu kide: Zaragozako Unibertsitatea (Campus Iberus partzuergoko kidea dena, NUP bezala), Turingo Unibertsitatea (Italia), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanc Unibertsitatea (biak Frantzian), Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea (Errumania) eta Barnealdeko Beirako Unibertsitatea (Portugal).

zoom Unita

NUP.

Adierazitako ezaugarriez gain, bazkideek badituzte beste interes komun batzuk ere, hain zuzen eleaniztasuna eta inklusioa sustatzea hizkuntza erromantzeak erabiliz. Tokiko ekosistemetan eragin handia duten hiru ikerketa- eta hezkuntza-arlo handi dituzte ardatz: energia berriztagarriak, ondare kulturala eta ekonomia zirkularra. NUP, bere ezaugarriak direla eta, oso egokia da aliantza horretarako, eta, hari esker, nazioarteko proiekzioa hobetuko du eta finantzaketa-aukera berriak eskuratzen ahalko ditu.

Zein den NUPek partzuergoari egindako ekarpena

NUPek partzuergoari egiten dion ekarpena lau eremutan zehazten da: gobernu eta koordinazio organoetan parte hartzea; inplikatutako unibertsitateetako titulazioen arteko aintzatespen-mekanismo azkarretan lan egitea; aipatutako hiru arlo tematikoetan ikerketa-lankidetzarako egiturak sortzea; eta mugikortasuna sustatzea eta arlo horretan forma berriak sartzea, hala nola landa-eremuko Erasmusa. 

“Atxikipen horren bidez, programaren hurrengo deialdietan aurkeztuko den birfinantzaketa proposamenean aliantzan eskubide osoko kide gisa sartzeko borondatea adierazi du NUPek, partzuergoko gainerako kideek bezala”, adierazi du Jorge Elso Torralba NUPeko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak.

“Europako Unibertsitateak” ekimena

“Europako Unibertsitateak” ekimenak Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak Sorbonako Unibertsitatean (Paris) 2017an emandako hitzaldi batean du jatorria. Hitzaldi hartan, Europak hainbat erronkaren aurrean izan beharreko batasuna aipatu zuen, eta, hezkuntzaren arloan, hogei bat unibertsitate-sare sortzea proposatu zuen, atzerrian ikasteko eta eskolak Europako bi hizkuntzatan gutxienez jasotzeko aukera izateko.

Proposamen horretatik abiatuta, 2019an eta 2020an bi deialdi sartu ziren Erasmus+ Programan aliantza horiek finantzatzeko; deialdi horien ondorioz, 41 aliantza sortu ziren, 280 unibertsitate baino gehiago bildu zituztenak, Europako goi mailako hezkuntzako erakundeen % 5, gutxi gorabehera. Finantzaketa bost milioi eurokoa zen, gehi Horizon 2020 programako bi milioi; horrekin, partzuergoek asmo handiko integrazio-proiektu bati ekin behar zioten, eta unibertsitateko jardueraren dimentsio guztietan eragina izanen zuen epe luzeko estrategia bateratu bat ezarri. Besteak beste, helburuetako bat da ikasleek aukera izan dezatela beren curriculuma Europako unibertsitate arteko campus batean diseinatzeko, non langileen eta ikertzaileen mugikortasuna ere etengabea izanen baita.

“Europar Batasunaren 2021-2027 ziklo berrian, programa honen aldeko apustua bikoiztu egin da: bai Europako Unibertsitate Eremu berriak, bai Gaitasunen Europako Agendak lehentasun estrategiko gisa identifikatzen dute Europako Unibertsitateak ekimenaren garapen osoa. UNITAn sartzearekin batera, Europako Batzordearen ekimen handi baten parte izatera pasatu da NUP, hain zuzen Europar Batasunaren etorkizuneko goi mailako hezkuntza sistema definituko duen ekimenaren parte”, esan du Jorge Elsok.