Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko edo masterreko ikasleek nazioarteko mugikortasun egonaldi solidarioak egitea helburu duen Prestakuntza Solidarioko Programak 30 toki eskaintzen ditu gaur egun zazpi herrialdetan (Kuba, Bolivia, Peru, Ekuador, El Salvador, Kolonbia eta Madagaskar), eta hemendik laster programa zabaltzea espero du NUPek, Indiako unibertsitate batekin eta Zimbabweko beste batekin hitzarmena sinatzeko asmoa baitu. NUPen programa bereki hau orain dela hogei urte baino gehiagotik eskaintzen da, eta Nafarroako Gobernuaren finantziazioa du.
Raquel Gainza Vigor Erizaintzako ikaslea, Boliviako Pietro Gamba de Anzaldo Fundazioaren zentro mediko-kirurgikoan (lagatako argazkia).
Alicia Chicharro Lázaro NUPeko Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren Arloko zuzendariak azaldu duenez, “programa honek izaera berezia du garapenerako lankidetzaren arloan, eta helmuga berriekin sustatzen eta zabaltzen saiatzen gara”. Prestakuntza Solidarioko Programak ezinbesteko hiru zutabe ditu: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, lankidetza-proiektua gauzatzen den herrialdeko unibertsitate bat (gainbegiratze akademikoa egiten duena) eta GKE bat edo beste tokiko erakunde bat (ikaslea integratzen den proiektuaren arduraduna dena).
Zehazki, ikasleek tokian bertan egiten dituzte garapenerako lankidetzaren arloko praktikak edo ikasketen amaierako lana, erakunde hartzaileak garatutako proiektuaren esparruan, helmugako herrialdeko unibertsitate bazkide baten koordinazio eta tutoretzarekin.
Duela gutxi hiru hitzarmen berri sinatu dira beste hiru unibertsitaterekin, eta zortzi toki gehiago eskaintzen dira guztira. Horrela, Madagaskarreko hitzarmena NUPen Ekonomia ikasi eta Mozambiken Formazio Solidarioko Programa egin ondoren gaur egun Agua de Coco GKEan lankidetzan aritzen den ikasle batek egindako lanaren emaitza izan da. Herrialde horretan, Tulearreko Unibertsitateak eta GKE horrek 2 toki eskaintzen dituzte (bat Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzarako eta beste bat Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzarako). Ekuadorri dagokionez, Bolívarreko Estatu Unibertsitateak eta Arturo Yumbay Fundazioak 4 toki eskaintzen dituzte honako ikasketa hauetan: Psikologia, Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza. Kolonbian, berriz, Caliko Unibertsitate Pontifikal Xabierdarrak, Alboan GKEak eta IMCA institutuak 2 toki eskaintzen dituzte EAZ nahiz Ekonomia ikasteko.
Alde horretatik, Javier Fernández Montalvo Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak adierazi duenez, “Medikuntzako eta Psikologiako graduak sortzeak aukera emanen du ikasle horiek ere Prestakuntza Solidarioko Programan parte har dezaten”. Izan ere, Bolívarreko Estatu Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenaren arabera, gradu bakoitzeko ikasle batek (Psikologia, Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza) talde bat osatuko du, eta talde bakoitzak modu independentean eginen du lan metodologia eta helburu komunak izanen dituzten zenbait programatan, bai arlo fisikoan (haurren desnutrizio arazoak, parasitosi arazoak, elikadura-ohitura txarrak eta higiene eta zaintza pertsonal desegokiak), bai mentalean (familia barneko indarkeria, alkohol kontsumoa, jokabide arriskutsuak eta bizi proiektuetarako orientabiderik eza).
Aipatutako horiez gain, Indiako eta Zimbabweko bi unibertsitaterekin ere hitzarmenak sinatuko dira aurki.
Prestakuntza-ikastaroa
Nazioarteko mugikortasun egonaldi hori egin aurretik, ikasleek “Nazioarteko Garapena eta Lankidetza” izeneko ikastaro bat jasotzen dute garapenerako esku-hartzeetan aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratzearren. Kontzientzia kritikoa duten, elkartasunarekin konprometituak dauden eta giza eskubideen babesak eta garapenerako lankidetzak alderdi guztietan (soziala, ekonomikoa, hezkuntzakoa, osasunekoa, etab.) duten garrantziaz jabetzen diren NUPeko ikasleei dago zuzendua. Ikastaro horretan, zeharkako gaitasunak eskuratzeaz gain (ikuspegi orokorra eta kulturartekoa, erantzukizun soziala, arazoen konponbidea, pentsamendu kritikoa), ikasleek hainbat gai lantzen dituzte: garapen iraunkorra, giza eskubideak, talde kalteberak, ekonomia sozial eta solidarioa, krisi humanitarioak, proiektuetako partaidetza, etab.
Prestakuntza horretan, hainbat erakundek eta pertsonak lankidetzaren, ekonomia sozial eta solidarioaren, hezkuntza inklusiboaren, udal kudeaketa parte-hartzailearen eta kontsumo arduratsuaren esparruan gauzatutako proiektuen eta ekimenen esperientziak partekatzen dira.