Gaur, urriak 27 (asteazkena), martxan da Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko XIV. Topaketa. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu du, bere Fundazioaren bitartez, eta sektore publikoko eta pribatuko 56 erakunde, enpresa eta entitate, eta 600 lagundik gora etorri dira. Topaketa aurrez aurreko formatura itzuli da, eta gaur goizean inauguratu dute Ramón Gonzalo errektoreak, Miriam Martón Pérez Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eta Iosune Pascual Unibertsitate - Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak.
Publikoa, eta erakunde eta enpresa parte-hartzaileen standak
Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzua da babeslea, eta topaketaren helburua da harremanetan jartzea unibertsitateko prestakuntzadun profesionalen beharrean dauden erakundeak eta lan bila dabiltzan gazteak edo enpresetan lehenbiziko esperientzia izan nahi dutenak. Azken batean, enplegagarritasuna hobetzea da xedea, eta ikasleen eta tituludunen artean ekintzailetza sustatzea.
Inaugurazio-ekitaldian, Iosune Pascualek eskerrak eman dizkie topaketa posible egin duten enpresa eta entitate guztiei. Azpimarratu duenez, foro hori beharrezkoa eta ezinbestekoa da, aukera ematen baitu enplegatzaileen eta unibertsitateko gazteen arteko topagune bat sortzeko, bai eta lan-merkatuaren gaurkotasunari eta enplegagarritasunaren bideei eta aukerei buruz hausnartzeko ere.
Topaketaren inaugurazio-ekitaldiaren irudi bat: Ramón Gonzalo errektorea, Iosune Pascual Unibertsitate - Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea (ezkerrean) eta Miriam Martón Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea
Bestalde, Miriam Martónek gazteak bultzatu ditu Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak erabiltzera, besteak beste, enplegurako orientazioa eta prestakuntza espezifikoa. Halaber, enpresak animatu ditu ezagutzera zer erraztasun eta laguntza eskaintzen dituen erakundeak gazteak eta graduatu berriak lan-merkatuan sartzeko.
Azkenik, Ramón Gonzalo errektoreak eskerrak eman dizkie Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eta enpresei ekimen honetan izandako inplikazioagatik, eta azpimarratu du unibertsitateko prestakuntzak zer-nolako garrantzia duen gazteak lan-munduan sartzeko. Ildo horretan, azaldu du NUP Espainiako unibertsitate publikoetako liderra dela bere graduatuek ikasketak amaitu eta lau urtera duten enplegagarritasunari dagokionez, eta, masterren kasuan, bigarrena.
Lantegiak eta jarduerak
Topaketa Sario eraikinean egiten ari dira, Arrosadiko campusean, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:00etara. Gaur, berrogeita hamar eta gehiago erakundek jarritako erakusketa-standez gain, zenbait panel profesional ere eginen dituzte, jakitera ematearren enpresak eta entitateak zeren bila ibiltzen diren hautaketa-prozesuetan, eta enpresetako langile-hautatzaileek elkarrizketa espresak ere eginen dituzte, hamar minutukoak. Edizio honetako beste berritasun bat errealitate birtualeko desafioa da, laneko gaitasunetan eta talentua garatzekoetan entrenatzeko.
Halaber, urriaren 25ean eta 26an “online” egindako hitzaldiak eta mahai-inguruak eta enplegagarritasunarekin lotutako ikus-entzunezko beste material batzuk interesdunen eskura jarriko dira Fundazioaren webgunean.
Era berean, topaketaren aurreko asteetan, orientazioko zenbait lantegi egin dira, honako alderdi hauen ingurukoak: zer-nolako curriculum motak dauden, zer gomendio segitu behar diren, nola erabili behar diren sare sozialak norberaren CVa ezagutzera emateko, lan-elkarrizketak nola prestatzen diren, zer alderdi hartu behar diren kontuan eta nolakoak diren hautaketa-prozesuetako beste proba batzuk.