Joan eduki nagusira

Nafarroako 18 ikastetxek hartuko dute parte urriaren 15ean eta 16an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako Batxilergoko XII. Eztabaida Lehiaketan. Hau da lehiaketaren hamabigarren edizio honetarako aukeratu den gaia: Murriztu behar al dira dirulaguntza publikoak krisi ekonomikoetan? 

zoom TorneoDebate

NUPeko prestakuntza-saioan izandako ikasle batzuk. Lehenik, saioa emateaz arduratu zen taldea.

Lehiaketa Batxilergoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxe guztiei zuzentzen zaie. Hiru, lau edo bost ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak, eta hezkuntza ziklo horretako 2. mailako ikasleak izan behar dute denek. 

Honako ikastetxe eta institutu hauek hartuko dute parte lehiaketan: Basoko BHI, Plaza de la Cruz BHI, Navarro Villoslada BHI, Calasanz/Escolapios ikastetxea, Claret Larraona ikastetxea, Dominicas ikastetxea, Santa María La Real-Maristas ikastetxea, Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, San Cernin ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, Monjardín lizeoa, San Ignacio-Jesuitas ikastetxea, Santa Teresa de Jesús ikastetxea, Irabia-Izaga ikastetxea, Miravalles-El Redín ikastetxea (Iruñekoak denak), Nuestra Señora del Puy ikastetxea (Lizarra), Toki Ona BHI (Bera) eta Paz de Ziganda Ikastola (Atarrabia).

Lehiaketaren ezaugarriak

Azken urteotan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak zenbait eztabaida jarduera antolatzen dituzte Unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleentzat, eta lehiaketa hau da horietako bat. Aukera ona da ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte.

Lehiaketa prestatzeko, izena emandako ikasleek prestakuntza-saio batzuetan hartu zuten parte joan den asteburuan, zalantzak argitu eta orientabidea ematearren. Talde bakoitzari zer jarrera defendatu behar duen esleitzen zaio aldez aurretik zozketaren bidez, eta hitz egiteko txanda itxiak dituzte egokitu zaien iritzia defendatzeko (sarrera, bi eztabaida txanda eta ondorioak).