Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako NUPeko VI. Alumni Nabarmenaren saria Ainara Garde Martínez Telekomunikazio ingeniariak irabazi du. Saria unibertsitateko zenbait ikasleren ibilbidea nabarmentzeko egiten da. Ainarak karrera profesionala, irakaskuntzakoa eta ikerketa arlokoa Espainian, Alemanian, Suedian, Suitzan, Vancouverren, Herbehereetan eta Estatu Batuetan garatua du.  Gaur egun, hurrengo belaunaldiko osasun sentsoreen algoritmoen ingeniari gisa lan egiten du Apple Inc.-en, Cupertinon (Kalifornia, Estatu Batuak). 

zoom AlumniDistinguido

Ainara Garde Martínez San Frantziskon (Kafifornia

Alumni Nabarmena sariaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean Unibertsitateko prestakuntzak zenbateko garrantzia duen erakutsi nahi du NUPek, eta, beraz, zer-nolako onurak dakartzan Unibertsitatean egindako inbertsio publikoak.  Ohorezko sari bat da, eta ez du esleipen ekonomikorik. Epaimahaiak nabarmendu duenez, Ainara Garde Martínezi nazioarteko ibilbide bikainean garapen ekonomiko eta sozialari, garapen zientifikoari eta berrikuntzari egindako ekarpenagatik eman diote saria.  Saria emateko, ekitaldi instituzional bat eginen da abenduaren.

Ainara Garde Martínez Telekomunikazioko Ingeniaritzan graduatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2004) eta Ingeniaritza Biomedikoko doktoretza egin zuen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan (UPC) eta Kataluniako Bioingeniaritza Institutuan (IBEC).  2010ean "cum laude" bikainarekin eta Europako aipamenarekin osatu zuen bere doktoretza, eta ikertzaile gisa lan egin zuen IBECen eta UPCko irakasle elkartu gisa 2012ko maiatzera arte. 

zoom AlumniDistinguido2

Ezkerretik eskuinera, epaimahaikideak: aurrean, Ana Burusco, Ubaldo González, Cristina Bayona eta Juan Luis Sánchez de Muniain; atzean, Idoia Zabaleta, Javier Goicoechea, Iosune Pascual eta Javier Fernández.

Bere prestakuntzan zehar, hainbat ikerketa-egonaldi egin zituen: Jenako (Alemania) Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean aireztapen mekanikoa zuten pazienteen bihotz-biriketako interakzioa ezaugarritzen espezializatu zen.  "Nire helburua –azaldu du– paziente horiek aireztapen artifizialetik deskonektatzeko une egokiena aurreikustea zen, eta, horrela, deskonexio huts baten ondorioz berriz intubatu behar ziren pazienteen kopurua murriztea"; Lundeko Unibertsitatean (Suedia), zenbait metodo garatu eta baliozkotu zituen bihotzeko gutxiegitasuna duten pazienteen heriotza-indize handiagoarekin lotutako arnasketa-ereduak detektatzeko; eta Zurdiako unibertsitate-ospitalean mendigoizale osasuntsuak muturreko altueretara (7.000 metro) igotzen eta oxigeno faltak eta akolimatazioak sisteman dituzten ondorioak aztertzen aritu zen.

Osasuna eta teknologia mugikorrak

Ikerketa aplikatuago baten bila, 2012ko ekainean Kanadara joan zen, British Columbia Unibertsitatera (Vancouver). Han ospitale pediatrikoan lan egin zuen, eta bihotz-biriketako gaixotasunean eta seinale medikoen prozesamenduan duen esperientzia haurren gaixotasunen diagnostikoan aplikatu zuen.  Kanadan eman zituen lau urteetan, Ainara Gardek beka lehiakorrak jaso zituen bere ikerketa garatzeko.  Arrakastaz zuzendu zituen zenbait proiektu, haurren lo-apneak detektatzeko, beren etxeetan, "Phone oximeter" delakoari esker, hots, bere ikerketa-taldeak garatutako smartphone batean integratutako pultsioximimetroari esker.  "Tresna horrek, seinalea prozesatzeko metodo garatuekin batera —adierazi du—, eragin handia izan lezake laguntza medikoan, nabarmen murriztu ditzake loaren azterketetarako itxarote-zerrendak, diagnostikoan diren atzerapenak eta osasun-kostuak, eta horrela ospitaleko baliabideen erabilera optimizatu". 

Bere ikerketa taldeak, besteak beste, haurren pneumoniari, preeklampsiari eta sepsiari buruzko osasun proiektuetan izan zuen inplikazioari esker, Ainara Gardek aukera izan zuen garapen bidean dauden herrialdeetako haurren mesedetan bihotz-biriketako seinaleen analisian izan zuen esperientzia partekatzeko, "teknologia medikoa urria baita haietan, nahiz eta telefono mugikorrak asko erabilti".  Zehazki, algoritmo bat garatu zuen "Phone oximeterarekin” arnas maiztasuna eta bihotz-maiztasuna kalkulatzeko, "Bizi-konstanteak modu ez inbaditzailean monitorizatzeko bidea ematen baitu. Izan ere, sentsore bat erabiltzen da, behatzean jarria, eta arnas maiztasun patologikoen identifikazioa errazagoa da horrela".  Eredu bat ere diseinatu zuen, pultsioximetro horrekin haurrek sepsia izateko arrisku handiagoa ba ote duten detektatzeko. 

2015ean, Ainara Gardek irakasle postua lortu zuen Twenteko Unibertsitatean (Herbehereak), eta bihotz-biriketako arazoen azterketan espezializatutako ikerketa-taldea ezartzeko aukera, teknologia eta tratamenduen berrikuntzaren bidez pazientearen arreta medikoa hobetzeko helburuarekin.  Hala ere, adierazi duenez, "2018an beste aukera handi bat sortu zitzaidan: Applen lan egitea, Kalifornian, ikerketa eta garapen gaietan, non 2019az geroztik osasunerako teknologia berrien garapenean lan egiten dudan, medikuntza irauliko dutenak eta milioika pertsonek erabiliko dituztenak, eta horrek asko motibatzen nau". 

Artikuluak eta sariak

Ainara Garde Martínezen ikerketa 25 artikulutan dago jasoa, eta eragin handiko aldizkari zientifikoetan argitaratu dira; horietako 14tan bera da egile nagusia.  Gainera, nazioarteko kongresutan 37 artikulu argitaratu ditu, eta bere lana hainbat aldiz saritu dute:  Kardiologiako konputazioari buruzko nazioarteko konferentziako poster-aurkezpen onenaren saria (2013); Anestesiako Teknologia Elkartearen nazioarteko konferentziako "abstract" onenaren saria (2014); Lurreko Medikuntzaren Munduko Elkartearen Ikertzaile Gazte saria (2015). Azken horrek Seulera (Korea) gonbidatu gisa joateko aukera eman zion, bi urtetik behin han egiten den konferentziara. Ibilbide profesional aipagarrienaren Saria ere jaso du, Vancouverreko Haur eta Familiaren Ikerketa Institutuak emana (2015); eta Herbehereetako De Winter Irakaslearen Saria (2017), emakumeen talentua saritzekoa.  

Epaimahaiaren osaera

Cristina Bayona Sáez izan da epaimahaiburua, hau da, IIkasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; eta hauek beste kideak: Ubaldo González Delgado, Gizarte Kontseiluko presidenteak proposatuta; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Javier Goicoechea Fernández, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko zuzendaria; Javier Fernández Montalvo, Fakultateko dekanoa; Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia, Nafarroako Parlamentuko lehen idazkaria; eta Idoia Zabaleta Arregui, A3U-Alumni programaren arduraduna.