Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lan-orientazioari buruzko doako tailer batzuk antolatu ditu urriaren 13tik (asteazkena) 21era (osteguna). Lan-elkarrizketak prestatzeko, curriculum vitaea idazteko eta norberaren talentua ezagutzera emateko balioko dute. Interesa duen edonorentzat dira, Enplegurako eta Ekintzailetzarako XIV. Topaketaren esparruan antolatu dira. Izan ere, urriaren 27an eginen da topaketa, asteazkenean, eta aurrez aurreko formatura itzuliko da aurten berriz ere.
Zehazki, bi tailer hauek eginen dira: “Ez zara askoren arteko beste bat. Zure CVa nabarmentzeko gakoak” izenekoa, batetik, eta “Lanpostua zurea da! Frogatu lan elkarrizketan zu zarela bilatzen ari diren hori”, bestetik. Honako alderdi hauek jorratuko dituzte besteak beste: zer-nolako curriculum motak dauden, zer gomendio segitu behar diren, nola erabili behar diren sare sozialak norberaren CVa ezagutzera emateko, lan-elkarrizketak nola prestatzen diren, zer alderdi hartu behar diren kontuan eta nolakoak diren hautaketa-prozesuetako beste proba batzuk.
Goizez eta arratsaldez eginen dira, NUPeko Sario eraikinean, eta bi orduko iraupena izanen dute. Izena eman behar da aldez aurretik.
Horretaz gain, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste tailer bat eginen du NUPen: “Nola saldu nire esperientzia halakorik izan gabe”. Urriaren 25ean izanen da, 10:00etatik 11:00etara, eta horretan parte hartzeko ere izena eman behar da. Lan-esperientziarik ez dugunean lehenbiziko lana bilatzeko zer oztopo ditugun eta nola gainditu irakatsiko dute.
Topaketaren XIV. edizioa
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enplegurako eta Ekintzailetzarako doazenek prestaketa-lanak eginen dituzte lan-orientazioko tailerretan. Urriaren 27koa hamalaugarren edizioa izanen da, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak babesten du, eta, 2020ko edizio birtualaren ondotik, aurrez aurreko formatura itzuliko da aurten berriz ere. Sario eraikinean izanen da hitzordua, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:00etara. Doakoa da, baina erregistratu egin behar da, aforoa kontrolatu behar baita.
Ekimenaren helburua da harremanetan jartzea unibertsitateko prestakuntzadun profesionalen beharrean dauden erakundeak eta lan bila dabiltzan gazteekin edo enpresetan lehenbiziko esperientzia izan nahi dutenekin.