Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hamaika ikastaro kultural eskainiko ditu 2021-2022 ikasturtearen udazkeneko seihilekoan, egonkorrak diren antzerki-taldea eta gazteen abesbatza barne. Ikastaro hauek daude aurtengo edizioko berritasunen artean: “Mugimendua sortzen: NUPeko dantza-taldea” eta “Erasmus ESZENA”.
Matrikula egiteko epea irekita dago jada Unibertsitateko komunitateko kideentzat. Unibertsitatetik kanpoko eta A3U programako kideek irailaren 16tik aurrera ematen ahalko dute izena. Ikastaroen edukia, inskripzioari buruzko informazioa, egutegia eta irakasleak Unibertsitatearen kulturako web-orrialdean kontsultatzen ahal dira.
Ikastaro kulturalen eskaintza Iruñeko Udalaren laguntzarekin egin da, eta jada joan den urtean eskaintzen ziren monografiko hauek osatzen dute: “Astronomia”, “Irakurketa-kluba” (modalitate presentziala eta “onlinekoa”), “Jendaurrean hitz egitea”, “Eztabaida-gela”, “Idazkuntza sortzailea” eta “Ibilbideak Nafarroako ondare geologikoan barna”. Horiei lehen aipatutako “Mugimendua sortzen: NUPeko dantza-taldea” gehitu behar zaie, Unibertsitateko komunitateari dantza hurbiltzeko helburua duena.
Horietaz gainera, talde egonkorren hiru ikastaro eskaintzen dira: “Antzerki Taldea”, “Iruñeko Orfeoiaren gazteen abesbatza” eta “Erasmus ESZENA”. Azken ikastaroa batez ere Erasmus programako trukeko europar ikasleei eta migratzaileei dago zuzendua, eta proiektuaren azken helburua sormena, kultura, ohiturak eta taldeko esperientziak bilduko dituen ikuskizun eszeniko bat sortzea da.
Unibertsitateko komunitateko kideek bakarrik ematen ahal dute izena Irakurketa-klubean, Eztabaida-gelan, Astronomian eta Antzerki-taldean, eta doakoak izanen dira.
Ikastaroen prezioak iraupenaren eta parte-hartzaileen arabera ezartzen dira (ikasleak, Unibertsitateko komunitateko gainerako kideak, Unibertsitateko adiskide eta ikasle ohiak eta kanpoko pertsonak). Hala, gehienez ere 25 ordu dituzten ikastaroetan prezioa 45 eurotik 100 eurora bitartekoa da, eta, 25 ordutik gorako ikastaroetan, 61 eurotik 139 eurora bitartekoa.
Ikastaroak eta jarduera kulturalak egiteagatik kredituak emanen zaizkie ikasleei, eta haien espedientean jasoko dira. Ikasleak, jarduera horiengatik, gehienez sei kreditu erdiesten ahal ditu graduko ikasketa-plan osoan.