Nafarroako Unibertsitate Publikoak modu guztiz presentzialean ekinen dio 2021-2022 ikasturteari. Hortaz, ez dira berriz erabili beharko iazko ikasturtean martxan jarritako 46 “ispilu ikasgelak”. Ikasgelen erabileraren inguruko aldaketa hori segurtasun distantziari buruzko COVIDaren arauak aldatu direlako egin ahal izan da, bai eta biztanle gehienak txertatuak daudelako ere.
Joan den ikasturtean ere egin zuen NUPek aurrez aurreko irakaskuntzaren aldeko apustua, nahiz eta guneak berriz antolatu behar izan ziren eta “ispilu ikasgela” direlakoak prestatu. Zehazki, 46 ikasgela atondu ziren: kamera-sistema batez, mikrofonoz eta bozgorailuz hornitu ziren. Hala, ohiko ikasgela erabat betez gero, gainerako ikasleek “ispilu gelatik” segitzen zuten eskola zuzenean, eta txataren bidez komunikatzen ziren.
2021-2022 ikasturtean, 7.560 lagun arituko dira graduko ikasketetan, eta 1.300 ikasle masterra eta doktoretza egiten. Lehenbiziko ikasmailan, 2.045 ikasle berri hasiko dira, iaz baino 25 gehiago. Aipagarria da 2021ean inoiz baino aurreinskripzio gehiago egin direla: joan den urtean baino 825 eskaera gehiago jaso dira, hau da, ia 10.000.
2021-2022 ikasturtean, 25 gradu + 6 gradu bikoitz, 27 master + 1 master bikoitz eta 15 doktoretza-programa eskaitzen ditu NUPek, bai eta hogeita hamar titulu berekitik gora ere. Horretaz gainera, ikasleek hizkuntzak ikas ditzaten bultzatzen du Unibertsitateak, dela nazioarteko programen bidez, dela graduko ikasketak egin bitartean ingelesa, frantsesa edo alemana ikasteko aukera emanez.
Iaz bezala, osasun-neurriz osatutako protokolo bat prestatu du Unibertsitateak ikasturte honetarako ere, koronabirusaren transmisioa ahalik eta gehien eragotzi nahian eta Unibertsitateko komunitateko kide guztien segurtasuna bermatze aldera.
Ongietorria egiteko jardunaldia
Ikasle berriei ongietorria egiteko jardunaldia hilaren 1ean izanen da, asteazkena, 08:00etatik 15:00etara; eskolak, berriz, hilaren 2an hasiko dira, osteguna, ikasle guztientzat.
Ongietorria egiteko jardunaldian, titulazioak banaka-banaka aurkeztuko dizkiete ikasle berriei, eta argibide baliagarriak emanen dizkiete etapa berrirako, hala nola NireIkasgelategiari, Unibertsitateko txartelari eta Mentoretza Programari buruz. Liburutegiaren eta Ikasgelategiaren arteko zelaiguneko karpan, informaziogune batzuk jarri dira Unibertsitatearen zerbitzu eta jardueren berri emateko.
Antzeztoki bat ere prestatu da, eta hor,“Espektro anonimoak” izeneko mikroantzezlanaren bi emanaldi ez ezik, zumba-erakustaldiak eta erabateko entrenamenduko nahiz HITTeko saioak eginen dira. Irailaren 1ean, halaber, bisita gidatuak eginen dira Liburutegira, eta ikasle elkarteek estandak jarriko dituzte. Campuseko kafetegiez gain, bi “food truck” paratuko dira.