Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bost ikasleko talde batek irabazi du Efizientzia Industrialaren 2021eko ISOVER Saria, ENDESArekin eta Highview Powerrekin elkarlanean. Álvaro Martínez Echeverri Ingeniaritza Saileko irakaslearen tutoretzapeko taldea ikasle hauek osatzen zuten: Phuc Yau Dung Dang, Irantzu Erro Iturralde, Javier Baigorri Martínez eta Añaterve Oval, guztiak Industria Ingeniaritzako Masterrekoak, eta Óscar Vera Lanz, Ingeniaritza Mekaniko Aplikatu eta Konputazionaleko Masterrekoa. Beren proiektuaren aztergaia gatzgabetze-instalazio batean eguzki-kolektoreak nola integratu izan zen.
Talde irabazleko ikasleak, NUPen. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera, Yau Dung eta Añaterve Oval. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera, Irantzu Erro, Óscar Vera eta Javier Baigorri.
Sariak telematikoki banatu ziren, eta beren helburua Industria Ingeniaritzako ikasleak proiektu erreal batean murgiltzea zen, efizientzia energetikorako eta industria deskarbonizatzeko azken teknologiak eta tresnak aplika zitzaten, energia-kostuak eta ingurumenean duten inpaktua murrizteko.
Lehiaketan NUPeko beste talde batek hartu zuen parte, Francisco Zúñiga Arrarás, Nikolay Kirilov Kovachki eta Esteban García Benítez ikasleek osatutakoak, eta “Box Gardens” proiektua aurkeztu zuen. Kasu horretan, Miguel Ángel Pascual Buisan irakaslea izan zen tutorea.
LAES instalazio baten azterketa
Zehazki, Efizientzia Industrialaren ISOVER Sarien bigarren edizio honek konpainiaren beraren Aire Likidoaren Energia Metatzeko Instalazio bat (LAES) aztertzea zuen eginkizun. Instalazio horren helburua energia berriztagarrien gehiegizko ekoizpen-orduetako isurketak gordetzea da, eta energia hori beharrezkoa den uneetan aprobetxatzea.
Instalazioaren efizientzia eta energia-aprobetxamendua hobetzeko metodoak edo sistemak proposatu eta ebaluatzea zen erronka. NUPeko taldeak egindako proiektu irabazleak lau soluzio proposatu zituen LAESen errendimendua hobetzeko. Azterketa ekonomiko eta tekniko baten bidez, konfiguraziorik onuragarriena proposatu zuen, baita proposamenen bideragarritasuna eta haien onura ekonomikoa eta ekologikoa egiaztatu ere.
Efizientzia Industrialaren ISOVER Sariak
Efizientzia Industrialaren ISOVER Sariek bai ikasle, bai unibertsitate eta bai enpresa pribatuen parte-hartzea, lankidetza eta konpromisoa handitu nahi dute industriaren efizientzia energetikoari dagokionez. Azken helburua zera da: kontzientzia piztea Horizonte 2030 egitasmoak karbono gutxiko industria lortzeko ezarritako helburuak betetzea posible eginen duten oinarrizko printzipioei buruz, klima-aldaketaren aurkako ekintzak zabaltzeko plataforma izan daitezen.