Joan eduki nagusira

Marta Barrado Los Arcosek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzietako doktoreak, bere doktore-tesian ikertu du zer potentzial duen, prostatako minbiziaren tratamenduan, enzalutamida farmakoa erradioterapiarekin konbinatzeak. “Bi tratamendu horiek konbinatuta, errazago hiltzen dira hormona-mendekotasuna duten prostatako minbizi-zelulak, eta murriztu egiten da minbiziaren zelulen hazkundea eta ugaltzea”, adierazi du bere lanean.

zoom MartaBarrado

Marta Barrado Los Arcos

Tesiaren izenburua “Enzalutamida como radiopotenciador de líneas celulares de cáncer de próstata” da, David Escors Murugarren eta Fernando Arias de la Vega doktoreek zuzendu dute eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Adierazi duenez, prostatako minbiziaren lehen mailako tratamenduetako bat da erradioterapia. Gutxi gorabehera “pazienteen % 60 tratatzen dituzte erradioterapia bakarrarekin edo beste terapia batzuekin konbinatuta. Hala ere, pazienteen ehuneko esanguratsu batek berriro okerrera egiten du tratamendua egin eta gero".

Enzalutamidak androgenoaren (gizonezkoen ugalketa-hormona) eraginak blokeatzen ditu, minbiziaren zelulen hazkundea eta hedapena geldiarazteko. Bere lanean, Marta Barradok aztertu zuen zer ahalmen izan litzakeen farmako hori eta erradioterapia konbinatzeak prostatako minbiziko zelula-lerroetan, hurrengo azterketa klinikoetarako oinarri gisa.

Zehazki, prostatako minbizia zuten bi zelula-lerro erabili zituen ikerketan: batzuk androgenoen blokeoarekiko sentikorrak ziren, eta beste batzuk ez. Egiaztatu egin zuen enzalutamidaren aurrean nola jokatzen zuten, eta erradioterapia-dosi ezberdinekin irradiatu eta gero denbora errealean zer bilakaera izan zuten. Era berean, bi tratamenduen konbinazioarekin lortutako apoptosi maila neurtu zuen (heriotza zelularra).

“Lortutako emaitzek —dio— frogatzen dute enzalutamida erradiosentsibilizatzaile ahaltsua dela hormonen mendeko prostatako minbizi-zeluletan. Bi tratamenduen konbinazioak efektu sinergikoa du, konbinazio horrek zelulen hazkundea eta ugaltzea murrizten dituela frogatzean, denbora errealean neurtua”.

Autorearen iritzian, bere doktoretza-tesian lortutako oinarrizko emaitzek “uneko saiakuntza klinikoak eta ikerketa lagun lezakete estadio lokalizatuetan prostatako minbizia duten gaixoen tratamendu-aukera berri horretan, gaixotasunaren fase aurreratuetan gaur egun enzalutamida gutxi erabiltzearen ordez”.

Curriculum vitae laburra

Marta Barrado Los Arcos Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza eta Kirurgiako lizentziaduna da (2011), eta Onkologia Erradioterapikoko espezialitatea egin zuen Nafarroako Ospitalegunean (2012-2016). Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko instalazio erradioaktiboen ikuskatzaile izateko prestakuntza ere egin zuen (2015); Onkologia Molekularreko masterra (2017) eta Onkologia Interbentzionistako masterra (2019) egin zituen, eta 2021ean Osasun Zientzietako doktore titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Zenbait artikulu idatzi ditu aldizkari eta argitalpen zientifikoetan, eta dozena erdi biltzarretan hartu du parte, Espainian nahiz nazioartean, bai eta Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioaren eta Nafarroako Ospitalegunearen (CHN) bi ikerketa-proiektutan ere. Gainera, Nafarroako Ospitalegunean errotazio onkologiko erradioterapikoan ari diren Medikuntzako ikasleen tutorea izan da, eta SEOReko (Espainiako Onkologia Elkartea) Onkologia Translazionaleko Nazioarteko Masterreko praktiketako tutorea Navarrabiomeden.