Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek osatzen duten “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkarteak Desgaitasunari buruzko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenaren VI. Sariaren deialdia egin du. Deialdia beren lanak azkeneko bi ikasturteetan, hots, 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 16ra arteko epean aurkeztu dituzten NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie. Sariketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da.
2021eko edizioko erakundeen ordezkariak eta saridunak Ezkerretik eskuinera, Raquel Sáenz Mendia elkarteko kidea, David González Guembe accesit-sariduna, Sagrario Anaut Bravo elkarteko presidentea; Joaquín Sevilla Moróder lan irabazlearen zuzendaria; Javier Pérez Pujol sariduna; Begoña Pérez errektoreordea, Julen Vallejo Alonso accesit-sariduna eta Carlos Alonso Vega elkarteko kidea
Lanen gaiak zerikusia izan behar du desgaitasunarekin eta desgaituen bizi-kalitatea hobetzearekin, eta edukia ez da egon behar inolako konfidentzialtasun klausularen mende. Gainera, lortutako nota oso ongi edo handiagoa izan behar da (7 puntu edo gehiago). Lanak sariaren aurreko edizioetan aurkeztu gabeak izan behar dira.
Saria irabazi zuen Ikasketa Amaierako Lanaren izena “Kisketa irisgarria ate gidaridunentzat: halako gailu baten beharraren detekzioa eta diseinuaren definizioa” da, eta Joaquín Sevilla Moróder Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedradun eta Smart Cities Institutuko ikertzailea izan zen haren zuzendaria (ISC). Javier Pérez Pujolek gaur egungo kisketen diseinua hobetu, eta irisgarritasun unibertsalaren zazpi printzipioak betetzen dituen kisketa bat diseinatu zuen. David González Guemberi eta Julen Vallejo Alonsori ere accesitak eman zizkieten.
Saria emateko irizpideak eta parte hartzeko zehetasunak
Epaimahaiak lanaren edo proposatzen den irtenbidearen originaltasuna hartuko du aintzat, baita haren ekarpenak (kontzeptualak, praktikoak eta abar) eta aplikagarritasuna ere. Erabakia azaroan jakinaraziko da, elkartearen webgunean, eta sari-banaketa jendaurreko ekitaldi batean eginen da.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lanaren laburpen bat gaztelaniaz bidali beharko dute (6.000 karaktere gehienez hutsuneak kontuan hartu gabe) helbide elektroniko honetara: asociacion.universidad.discapacidad@unavarra.es
Gehiago jakin nahi baduzu, aukera duzu deialdiaren oinarriak eta “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkartearen webgunea kontsultatzeko. Elkarte horren helburua desgaitasunaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza babestea da, baita behar dutenei beren esperientzia eta laguntza emateko modua duten pertsonak harremanetan jartzea ere.