Nafarroako Unibertsitate Publikoko “LaborAble” titulu berekiaren hiru edizio amaituetan, zeinetan adimen-urritasuna duten 62 ikaslek parte hartu duten, % 50eko batez besteko laneratzea lortu da prestakuntza-aldiaren amaieran. Datorren ikasturteko edizioan izena emateko epea abuztuaren 16ra arte egongo da zabalik, eta xehetasun guztiak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira.
“LaborAble: enplegurako gaitasunen garapena” ikastaroa doakoa da, ONCE Fundazioaren, Europako Gizarte Funtsaren eta NUPek berak eskaintzen dituen hiru bekaren finantzaketari esker. Ikastaroa 18 eta 30 urte bitarteko adimen-urritasuna duten pertsonentzat da (% 33ko gutxieneko maila).
Lanean ari diren 2020-21 ikasturteko pertsonak arlo hauetan ari dira: administrazioa, marketina, salmentak, bezeroarentzako arreta eta mantentze-lana. Horietako batzuek zentro berezietan egiten dute lan, eta beste batzuek, berriz, enplegua laguntzarekin modalitatea duten enpresa arruntetan, zehazki, SUMELEC NAVARRA S.L.n, Nafarroako Kutxa Fundazioan eta Carrefourren.
Aurreko lau edizioei esker, enplegurako gaitasunetan kalitatezko prestakuntza emateaz gain, “adimen-urritasuna duten pertsonak unibertsitatean sartu ahal izan dira, NUPeko gradu diferenteetako ikasleekin prestakuntza-jarduerak partekatuz eta Espainiako beste unibertsitate batzuekin jarduerak egin dira”, azaldu du Pablo Sotés Ruizek, Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta ikastaroaren zuzendari akademikoak. Gainera, titulu honek enpresetan curriculum praktikak egiteko programa bat du, ikasleei lan merkatuan sartzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko aukera ematen diena.
Lan munduan sartzeari buruzko inkesta eta tituluaren ezaugarriak
Bestalde, NUPeko Unibertsitate-Gizartea Fundazioak 2019-2020 ikasturteko ikasleen laneratzeari buruzko inkesta egin du duela gutxi. Horren arabera, erantzun zutenen %17 lanean ari dira proiektua amaitu eta sei hilabetera, eta % 80 baino gehiago oposizioak prestatzen edo ikasten ari dira.
Enplegurako Gaitasunen Garapeneko Unibertsitate Zabalpeneko Diploma urritik ekainera bitartean egiten da, eta hiru eskola-ordu ematen dira egunean. Osotara, 261 irakaskuntza-ordu eta prestakuntzako 100 praktika-ordu enpresa edo erakundeetan.
Ikasgaiei dagokienez, hiru modulutan biltzen dira: Gaitasun sozialak, komunikaziokoak, emozionalak eta entrenamendu kognitiboa; lanerako trebetasunak; eta, azkenik, kudeaketa eta zerbitzu komunetan eta administrazio-lanetan laguntzeko prestakuntza espezializatua.
Praktikak laguntzarekin
Hurrengo edizio honetan, berritasun gisa, Pablo Sotés Ruizek nabarmendu du prestakuntzak zenbait mintegi izango dituela aurten: “desgaitasuna duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresekin, enplegu-agentziekin eta lan-merkatuaren beharrei eta eskakizunei buruz orienta ditzaketen beste erakunde batzuekin esperientziak partekatzeko aukera izango dute ikasleek”.
Halaber, aurreko edizioan hasitako esperientziarekin jarraituko du programak. Lan-prestatzaile bat izan zen, “ikasleari enpresetan kanpoko praktikak egiten laguntzen dion eta laneratzea ere errazten duen pertsona”, azaldu du Pablo Sotések.