Joan eduki nagusira

Pablo Bretos Azcona osasun ekonomialariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako doktoretza-tesian ezarri ditu arrisku handiko gaixo pluripatologiko ez-onkologikoen zenbait talde, haien beharrak eta haientzako arreta integratuko osasun-zerbitzuak antolatzeko eta hobetzeko moduak. Honela azaltzen du: “tesi honek —ikaskuntza automatikoko metodoak erabili ditu (machine learning)— frogatzen du ezen, osasunean okerrera egiteko arriskua zenbatestean, paziente pluripatologikoen azpi-populazioak identifika ditzakegula, eta hil arteko bizialdiaren zenbatespena egin”.

zoom PabloBretos

Pablo Bretos Azcona

Gaixo pluripatologikoak zenbait gaixotasun kroniko dituztenak dira, eta osasungintzako profesional ugariren arreta jarraitua behar dute. Tesi horrek frogatzen du paziente-talde horretatik zenbait azpitalde ezar daitezkeela beren osasun-egoerak okerrera egiteko arriskuaren edo probabilitatearen arabera.

“Prozesu honi arriskuaren estratifikazioa esaten zaio, eta aukera ematen digu arrisku puntuazio bat zenbatesteko paziente bakoitzarentzat. Hala, aukeren segmentazioa eta ebaluazioa egin eta gero, gaur egungo arretarik jasotzen ez duten pazienteen azpitaldeak identifika ditzakegu, eta horiei osasun-arretarako estrategiak egokitu”, azaldu du egileak.

Bizitzaren amaierako zainketak planifikatzea

Ikerkuntzan, Pablo Bretosek pazienteen azpitaldeen biziraupen-ereduak ere aztertu zituen, paziente mota bakoitzaren bizialdia kalkulatzeko. “Datu horiek bakoitzak behar dituen bizi-amaierako zainketak planifikatzen laguntzen dute”, adierazi du.

Zehazki, hiru azpitalde identifikatu dira arrisku handiko pazienteen artean, eta horietako bakoitzak ezaugarri eta behar bereziak ditu. Ikerketak iradokitzen du, arrisku txikieneko azpipopulazioari dagokionez, Osasunbidearen kasuak kudeatzeko egungo programarekin jarraitzea; gaitasun funtzional mugatua duen arrisku ertaineko azpipopulazioari etxez etxeko laguntza ematea azpimarratzen duen programa berri bat sartzea; eta arrisku oso handiko populazioarentzako etxeko zainketa aringarrien programa berri bat ezartzea.

Doktoretza-tesiaren emaitza nagusia da paziente pluripatologiko horiek zenbait azpitaldetan zatitzeak “ondorio garrantzitsuak dituela osasun-zerbitzuak antolatzeko eta arreta hobetzeko, zeina paziente bakoitzaren beharretara egokitzen baita. Gainera, onkologikoak ez diren pazienteentzako zainketa aringarrien programa berriak antolatzen laguntzen du. Zerbitzu horiek minbizia duten gaixoek erabili dituzte nagusiki orain arte”.

Honako hau da doktoretza tesiaren izenburua: “Una estratificación del riesgo utilizando técnicas de “machine learning” para identificar tipos de pacientes pluripatológicos de alto riesgo, sus necesidades y posterior organización de servicios de atención integrada”. Juan Manuel Cabasés Hita katedradunak eta Eduardo Sánchez Iriso irakasleak (biak NUPeko Ekonomia Sailekoak) zuzendurik, Pablo Bretos Azconaren tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Curriculum vitae laburra

Pablo Bretos Ekonomian graduatu zen Nafarroako Unibertsitatean, Osasunaren Ekonomiako Masterra egin zuen London School of Economics and Political Science (LSE) eskolan, eta Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbideko doktore titulua lortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Horretaz gainera, big datako eta machine learningeko graduondoko ikastaroak egin ditu Harvardeko Unibertsitatean.

Osasunaren ekonomista, Bretosek esperientzia du kontsultore gisa Londresen eta egun Espainiako sektore farmazeutikoan garatzen du bere jarduera profesionala. Bere lana datu sanitarioak aztertzea da, eta ebaluazio ekonomikoko ereduak garatzea, batez ere kostua/eraginkortasuna eta aurrekontuko inpaktua, zeinak medikamentuen finantzaketari buruzko erabakiak hartzeko erabiltzen baitira.

Bere ikerketaren emaitza gisa artikulu zientifikoak argitaratu dira eragina duten aldizkari espezializatuetan, hala nola “British Medical Journal (BMJ), Supportive and Palliative Care” eta “BMC Health Services Research”.