Joan eduki nagusira

Ariketa fisikoa agintzen duten munduko aditu nagusiek adostasun zientifiko bat sinatu dute (Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun baten gidaritzapean), eta, horren arabera, beharrezkoa da ariketa fisikoko programak banan-banan ezartzea adineko pertsonentzat, “adin-mugarik gabe eta zeinahi ere den haien egoera, independentzia funtzionala, ongizate psikologikoa eta bizi-kalitatea hobetzeko ahaleginean”. Planteamendu hori “The Journal of Nutrition, Health & Aging” aldizkarian berriki argitaratutako artikulu batean jasotzen da, zeinaren lehen egilea Mikel Izquierdo Redín nafar erakundeko ikertzailea baita. Artikulu horrek, halaber, etorkizunerako erronka hau dela planteatzen du: “jarduera fisikoko programak adinekoen arretan integratzea osasun-inguruneetan —ospitaleak eta osasun-zentroak— eta ingurune geriatrikoetan”. “Paziente horietako batzuei ariketa fisikoa aginduz egiten diren esku-hartzeak farmakologikoak baino erabilgarriagoak dira gaur egun”, erantsi du NUPeko ikertzaileak.

zoom MikelIzquierdo

Mikel Izquierdo Redín, NUPeko ikertzailea.

Artikulu horren egileek gogorarazten dute ariketa fisikoak eginkizun terapeutikoa duela: “gaixotasuna eta adinari lotutako gaitasun funtzionalaren gutxiagotzea prebenitzeko eta tratatzeko estrategia egokia da”. “Jarduera fisiko gutxi egitea eta jokabide sedentario gehiegi izatea faktore ahaltsuak dira heriotza-arriskua izateko, hainbat arrazoirengatik —kardiobaskularra, obesitatea, sarkopenia, hauskortasuna eta desgaitasuna—, zahartzearekin lotutako zenbait gaixotasun kronikoren artean —dio Mikel Ezkerrek—. Aitzitik, jarduera fisiko egokia eta osasungarria erregulartasunez eginez gero, nabarmen murrizten dira adinarekin gertatzen diren muskuluen eta ahalmen aerobikoaren aldaketa horiek”. 

“Ariketa fisikoak eta jarduera fisikoak gorputzaren funtzioak eta bizi-kalitatea hobetzen dituzte —jarraitzen du ikertzaileak—, eta gaixotasun kroniko ez-kutsakorren zama murrizten dute eta hilkortasun orokor goiztiarra, gaixotasun kardiobaskularrekin, minbiziarekin eta beheko arnasbideko beste gaixotasun kroniko batzuekin lotutako heriotzak barne. Gaur egun, ebidentzia zientifikoan oinarrituz, ez litzateke etikoa izango pertsonei ariketa fisikoa egiteko ez agintzea medikuarenera joaten direnean edo ospitaleetan ingresatuta daudenean”.

Ariketarik ez dago medikuntza geriatrikoan

Onura ugari baditu ere, ariketa fisikoa ez dago erabat integratuta medikuntza geriatrikoan. “Geriatra gehienen eta beste osasun-profesional batzuen oinarrizko prestakuntzatik kanpo dago oraindik”, dio Mikel Izquierdo Navarrabiomedeko ikertzaileak (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroa). “Gainera, ikerketa gutxik aztertu dute gizabanako bakoitzari egokitutako jarduera fisikoko jarraibideek duten zeregin potentziala, gorputzaren funtzioetan, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasunean edo giza gaitasunaren beste esparru batzuetan duten eragina maximizatzeko, hala nola gabezia kognitiboak, psikologikoak edo sentsorialak —ikusmenekoak edo entzumenekoak—, lokomozioa edo bizitasuna murriztea adineko helduetan”.

Artikuluak ausaz kontrolatutako saiakuntzen datuak biltzen ditu. Datu horiek erakusten dute ariketa fisikoko modalitate espezifikoek ondorio onuragarriak dituztela adinarekin, gaixotasunen prebentzioarekin eta gaixotasun kronikoak eta desgaitasuna duten adineko helduen tratamenduarekin lotutako aldaketa fisiologikoetan. “Ezagutza-hutsuneei eta ezarpen klinikoaren premiei aurre egiteko gomendioak eskaintzen ditugu”, dio Mikel Izquierdo jaunak, eta, horretarako, bera buru izan zuen Vivifrail izeneko proiektuan oinarritzen da. Proiektu hori osagai anitzeko banakako programa bat zen, 70 urtetik gorako pertsonen ariketa fisikoa sustatzeko sortua.  Ekimen hori “jardunbide on” gisa aukeratu zuen Europako Batzordeak 2017an, eta indar muskularra, oreka eta martxa hobetzeko ariketak konbinatzen dituen entrenamendu-programa diseinatzea ahalbidetu zuen. 

Proiektua garatu zen bi urteetan, hauskortasun arazoak zituzten Europako zazpi herrialdetako 960 adineko pertsonak hartu zuten parte (Alemania, Belgika, Espainia, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Txekiar Errepublikakoak). Taldeko erdiek astean bi aldiz egiten zuten ariketa programa, 45 minutuz, eta nutrizio hezkuntzako programa bati ere jarraitzen zioten. Urtebete pasatu ondoren, ikusi zen jarduera fisikoko programa egin zutenek nabarmen hobetu zituztela zenbait parametro, kontrol-taldearekin alderatuta: indarra eta funtzionalitatea irabazi zuten, baita autonomia handiagoa lortu ere. Halaber, funtzio kognitiboak hobetu eta mina gutxitu zuten.

Horretaz gainera, bere emaitzen arabera, ariketa fisikoa egiteak osasun zerbitzuen aldeko kostua du. Ikertzaileek kalkulatu zuten 700 euro inguru aurrezten direla urtero paziente bakoitzeko.

Lau kontinentetako ikertzaileak

Argitaratu berri den nazioarteko adostasun horretan, Amerikako, Asiako, Europako eta Ozeaniako 16 herrialdetako 36 ikertzailek hartzen dute parte. Munduko ariketa fisikoa agintzen aditu nagusitzat hartzen dira, ariketa fisikoak pertsonen eta bereziki adinez nagusienen osasunean eta bizi-kalitatean duen eraginari buruzko saiakuntza kliniko garrantzitsuak argitaratu baitituzte. Besteak beste herrialde hauetako entitateetakoak dira: Alemania (Berlingo Charité Unibertsitate Ospitalea), Australia (Melbourneko eta Sidneyko unibertsitateak), Brasil (Río Grande del Sur Unibertsitatea), Kanada (Quebeceko Unibertsitatea), Espainia (Hauskortasunaren eta Zahartze Osasungarriaren CIBER-CIBERFES) eta Navarrabiomed-NUP), Estatu Batuak (Zahartzearen Institutu Nazionala eta Floridako, San Luiseko eta Tuftseko unibertsitateak), Frantzia (Toulouseko Unibertsitate Ospitalea), Italia (Milango unibertsitatea eta Erromako Sacro Cuoreko unibertsitatea), Erresuma Batua (Londresko King’s College) eta Hego Koreako, Japoniako, Mexikoko eta Taiwaneko geriatria eta gerontologiako zentro nazionalak.