Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bat egin du berriki SMART proiektuarekin (Atmosferako meteoroideen espektroskopia teknologia robotikoen bidez). Europako hego-mendebaldeko bolido eta meteoroen sareak (SWEMN) garatu du proiektua Lurraren kontra talka egiten duen planeten arteko materia aztertzeko. NUPek argazki-kamera bat dauka Arrosadiko campusean, eta bideo-kamera bat Tuterako campusean. Argazkiak ateratzen dituzte, eta gaueko zerua grabatzen dute, meteoroei buruzko datu guztiak hartu eta erregistratzeko.

zoom Meteoroaren irudi bat, (utzitako argazkia)

Meteoroaren irudi bat, kameretako batek jasoa (utzitako argazkia)

Patricia Yanguas Sayas NUPeko Matematika Aplikatuko irakasleak azaldu duenez, “helburua da gauero detektatzen diren meteoroei (normalean izar iheskor esaten zaiona) buruzko ahalik eta informazio gehien lortzea eta datu ugari lortzea”. Adibidez, meteoroak atmosferan sartu zenetik izan duen benetako ibilbidea ezagut daiteke: “Zehaztu genezake ea arroka zatitxoa Iruñearen gainetik 100 kilometroko altueran dagoen puntu batean sartu den (une horretan dirdira egiten hasten da) eta Lizarraren gainetik 60 km-ko altueran amaitu duen (une horretan distira egiteari uzten dio). Hor zehazten da lurrazalean inpakturik izan ote duen, hau da, arroka-puska bat lurrera erori ote den; baina hori ez da oso ohikoa. Kasu horretan, meteoroa oso distiratsua da eta bolido deitzen da eta gertatzen dena da ez dela erabat suntsitzen atmosferan. Beraz, hondarrak geratzen badira, lurrera erortzen dira”.

Ezagutu daitezkeen beste alderdi batzuk dira meteoroak Lurrera iritsi arte egindako ibilbidea (orbita), arroka-zatia asteroideen gerriko nagusitik datorren ala ez, edo, meteoritoak jasoz gero, haren konposizioa azter daiteke eta, adibidez, Eguzki Sistema bere hastapenetan nolakoa zen adierazten duen informazioa lor daiteke. “Bitxia da —azaldu du Yanguas irakasleak— Saharan martetar meteoritoak aurkitu direla, Lurrera iritsi diren Marteko zatitxoak. Izan ere, bere historiako uneren batean Martek arrokaren baten inpaktua izan zuen, eta horrek espazioan geratu ziren zatitxoak askatzea eragin zuen, haietako bat Lurrera erori zen arte”.

Tutera eta Iruñea

Patricia Yanguasekin batera, Jesús Palacián NUPeko katedraduna da proiektuko kide, eta Aurelio Pagolak behaketan eta datu-erregistroan laguntzen die. NUPek AllSky kamera duela urte asko bazuen ere Arrosadiko campusean instalatua, Janire Martínez Lópezek (Industria Teknologietako Ingeniaritzako ikaslea) eta Jarei Basabe Lópezek (Ingeniaritza Informatikoko ikaslea) kamerarekin ere egin zuten lan, lankidetza-beka banari esker, eta datuak biltzeko sistema hobetu zuten.

zoom Jesús Palacián, Patricia Yanguas eta Aurelio Pagola

Ezkerretik eskuinera Jesús Palacián, Patricia Yanguas eta Aurelio Pagola

Iruñean dagoen AllSky motako kamerak zeruari etengabe argazkiak ateratzeko aukera ematen du. Gauero konektatzen da, eta gau bakoitzeko 1.500 argazki egiteko programatuta dago. Tuteran AllSky kamera jarri da, baina bideokoa, gauez zeruan gertatzen dena grabatzeko.

NUPez gainera, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak ere bat egin du berriki SWEMN sarearekin. José María Madiedo astrofisikariak bultzatutako sareak irrati-detekzioko  hiru sistema eta guztira 94 kamera eta espektrografo ditu, jarduera meteorikoa denbora errealean neurtzen dutenak. Gaur egun, sarea gai da Iberiar penintsulako eta eremu mugakideetako (adibidez, Frantziako hegoaldea eta Afrikako iparraldea) aireko espazioaren % 100 monitorizatzeko.

“Zenbat eta behatoki gehiago, hobe —esan du Patricia Yanguasek—. Komeni da bereiz egotea, aldi berean zeruko espazio gehiago estaltzeko, baina komeni da zati komun bat ikustea ere; hau da, meteoro bat ikusten bada, gutxienez bi edo hiru behatokik detekta dezatela, horrela, gero, meteoroak atmosferan izan duen benetako ibilbidea zehaztu baitaiteke, eta baita atmosferara sartzean erabat ez suntsitzeko adinako tamaina duen ere”.