Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) talde batek, Rosa Ana Pérez Herrera, Mikel Bravo Acha eta Santiago Tainta Ausejo Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikitako irakasle eta ikertzaileek osaturikoak, komunikazio zientifikoko lehen saria irabazi du Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiak (CSIC) antolatu duen Fotón 2021 sariketan, zuntz optikoari buruzko “Midiendo con luz” dibulgazio bideoarengatik. Irabazleari 1.000 euroko saria eta diploma bat ematen zaizkio.
Komunikazio zientifikoko Fotón sariaren helburua optikaren eta fotonikaren esparruan ikerketak duen eragin zientifiko, teknologiko eta soziala komunikatzeko, zabaltzeko eta iritzi publikora hurbiltzeko lana sustatzea eta aintzatestea da. Saria emateko, epaimahaiak garrantzi berezia ematen dio lan hori formaren aldetik berritzailea eta atsegina eta funtsean ulergarria eta zorrotza izateari. Halaber, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleengan zientzien irakaskuntza eta ikerketa sustatu eta bultzatu nahi dira, bereziki optikarenak eta fotonikarenak.
CSICeko “Daza de Valdés” Optika Institutuak ematen dituen sarien laugarren edizio honetan, optikarekin nahiz fotonikarekin lotutako lanak bi kategoriatan bereizi dira aurten ere: “fotoi igorria” (komunikazio zientifikoaren arlokoa, NUPeko taldeak irabazi duena) eta “fotoi xurgatua” (irakaskuntzaren arlokoa).
Epaimahaikideak eta balorazioa
“Midiendo con luz” bideoa, Kaptura enpresa nafarrak egina, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zientzia Azoka Birtualaren esparruan garatutako eta 2020ko azaroan Europako Ikertzaileen Gauean zabaldutako jardueretako bat izan zen –Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak bultzatzen du Europako Ikertzaileen Gaua–.
Epaimahaiak, bere epaian, ikus-entzunezko lanaren kalitate dibulgatiboa baloratu du, “hiri adimendunetako sentsoreen teknologiak modu atseginean eta zorroztasun zientifikoz helarazten” dituela nabarmenduz. Bideoaren ezaugarri estetikoak eta erakusteko modua ere azpimarratu ditu, baita “Ikertzaileen Gauaren ekimenaren bidez jende askorengana iristeko duen gaitasuna” ere.
Honako hauek osatu zuten “fotoi igorria” kategoriaren epaimahaia: Sergio Barbero, Gabriel Cristóbal, Juan Ignacio Larruquert, Joaquín Campos, José Olivares, Rosalía Serna eta Alejandro Manjavacas CSICeko Optika Institutuko ikertzaileek eta Abel Grau eta Alda Ólafsson CSICeko Komunikazio Saileko buruak eta erredaktoreak, hurrenez hurren.