Paolo Scotton Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaileak “Rutas de cambio. 5 vías para construir la sociedad del futuro” liburua idatzi du, Octaedro argitaletxeak argitaratua. Liburuan, modu kritikoan egiten du gogoeta egungo gizartearen eta hezkuntzaren errealitateari eta ckoronabirusaren pandemiaren ondoren izan dezaketen etorkizunari buruz.
“Historia gertaeraz josia dago, baina haietako gutxi dira gai denboraren joana aldatzeko eta garai bat markatuko duen aldaketa bat abiarazteko”, dio Paolo Scottonek. “Horietako bat izanen da pandemia? Utziko al du arrastorik gizadiaren historian? Bultzatuko al du berrikuntzarako indarra? Eta, hala bada, berritasun onuragarriak izanen al dira?”, galdetzen dio egileak bere buruari.
“Liburu hau bidaia bat da, gure garaiaren birplanteamendu kritiko batetik abiatu eta etorkizun desberdin baterantz doana zalantza, galdera, kezka eta itxaropenen artetik”, azaldu du. “Etorkizunerako bidaia honetan, politikari, hezkuntzari, lanari, mugikortasunari eta harreman sozialei begiratzeko gure ohiko modua zalantzan jartzen duten bost bidetik igaro behar gara. Izane ere, etorkizun horrek aldarrikatu egiten du izatearen bizi-zentzuaz galdetzen duten gizarte eta kulturak irudikatzeko dugun eskubidea”, ondorioztatu du.
Paolo Scottonen CV laburra
Paolo Scottonek Filosofiako gradua eta masterra egin zituen Paduako Unibertsitatean (Italia), eta europar doktoretza Luccako Ikasketa Aurreratuen Institutuan (Italia). Ikasketako eta ikerketako egonaldiak egin ditu Espainiako eta nazioarteko zenbait ikastegitan, hala nola Saint Andrewseko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Osloko Unibertsitatean (Norvegia) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
Nazioko eta nazioarteko dozenaka hitzalditan hartu du parte, eta 40 argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz. Haren ikerketa-ildoen artean daude filosofia, hezkuntzaren antropologia eta etika, hezkuntzaren historia eta hezkuntza-idealen eta ideal politikoen arteko harremana.