Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antenen Taldea IAFOOD proiektuan parte hartzen ari da. Proiektu horren helburu estrategikoa elikagaien industriaren eraldaketa digitala bultzatzea da. Guztira 675.000 euroko aurrekontua du, eta 2022ko azaroan amaituko da. Proiektuaren proposamena “big data” plataforma bat garatzea da, adimen artifizialaren bidez erabakiak hartzen lagunduko duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antenen Taldea IAFOOD proiektuan parte hartzen ari da. Proiektu horren helburu estrategikoa elikagaien industriaren eraldaketa digitala bultzatzea da. Guztira 675.000 euroko aurrekontua du, eta 2022ko azaroan amaituko da. Proiektuaren proposamena “big data” plataforma bat garatzea da, adimen artifizialaren bidez erabakiak hartzen lagunduko duena. Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren 2020-2022 aldiko I+G-ko proiektu estrategikoak egiteko laguntzen deialdiaren esparruan finantzatu da proiektu hau.

zoom NUPeko ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Iñigo Ederra, Juan Carlos Iriarte, Carlos Quemada, Javier Chocarro, Jorge Teniente eta Dayan Pérez, NUPeko ikertzaileak

Proiektuaren partzuergoa zazpi enpresak osatzen dute, teknologien garatzaileak batzuk (iAR, Das-Nano, Acoustics Analysis eta Helphone), eta nekazaritzako elikagaigintzakoak beste batzuk (Florette, Urzante eta General Mills), bai eta hiru ikerketa-zentrok ere: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Elikagaien Teknologiarako eta Segurtasunerako Zentro Nazionala (CNTA) eta Nafarroako Industriaren Elkarteak (AIN).

Juan Carlos Iriarte eta Iñigo Ederra NUPeko ikertzaileen gidaritzapean, terahertzen frekuentziak erabiliko dituzte elikagaien segurtasuna hobetzeko. “Frekuentzia ez-ionizatzaileak dira, eta, beraz, seguruak; gainera, material jakin batzuk zeharkatzeko erraztasuna dutenez, gorputz arrotzak antzematen ahal ditugu elikagaiak ekoizteko katean”, adierazi du Iriarte irakasleak. NUPeko lantaldea, gorago aipatutakoez gainera, ikertzaile hauek osatzen dute: Jorge Teniente (Smart Cities-ISC ikerketa-institutuari atxikia Iriarterekin eta Ederrarekin batera), Carlos Quemada, Dayan Pérez eta Javier Chocarro, denak ere unibertsitateko Antenen Taldekoak.

“Martxan diren azterketetan oinarrituta –azaldu du Juan Carlos Iriartek–, terahertzen teknologia linean integratuta aplikatzea bideragarria ote den planteatuko dugu, teknika laster, ez-suntsitzaile eta kostu txikiko gisa inplementatzearren nekazaritzako elikagaien enpresek dituzten eta ohiko teknologiek asetzen ez dituzten beharrei erantzuteko”.

Adimen artifizialari esker, prozesuak kontrolatzen eta produktuen elikagaien kalitatea eta segurtasuna aurreikusten lagunduko duten aldagaiak identifikatuko dira. Monitorizazio lasterreko sentsore batzuek sortuko dute informazioa, zeinak abangoardiako teknologietan oinarrituak egonen baitira, hala nola NIR delakoan, teknologia hiperespektralean, ultrasoinuan, terahertzetan eta konposatu lurrunkorren sentsoreetan. Lortzen diren datu guztiak plataforma edo sistema batean integratuko dira, gai dena adimen artifizialaren bidez ekoizpen katearen lineako hobekuntzari eragiten dioten erabakiak hartzeko.

Egungo gabeziak

IAFOOD proiektuak hobekuntzak ekarri nahi dizkio nekazaritzako elikagaien sektoreari, oso teknifikatuta egon arren ez baitago aski digitalizatua. Proiektuaren sustatzaileek diotenez, elikagaien industriak analisi asko egiten ditu, baina analisi horiek ez dira egokiak izaten modu baliagarrian aplikatzeko. Adibidez, emaitzak askotan ez dira formatu digitalean egoten; informazioa ez da denbora errealean jasotzen; laginak hartu behar izaten dira, eta, beraz, suntsitzaileak eta unean unekoak izaten dira; eta analisi garestiak izaten dira denborari eta baliabideei dagokienez (analisi jakin batzuk egiteko, instalazio eta langile espezializatuak behar dira, eta kanpoko laborategietan egiten dira).