Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bitartez, lan orientazioko banakako bilera presentzialetan parte hartzeko aukera eskaintzen die azken ikasmailetako ikasleei eta egresatu berri direnei. Horretarako, ordua eskatu behar da Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren webgunean uztailaren 30a baino lehenago, bai eta, bilera ongi aprobetxatzeko, “online” ikastaro labur bat egin ere, ordua eskatu ondoren egonen dena eskuragarri.

zoom Ikasle batzuk

Ikasle batzuk NUPen

Aholkularitzaren helburua beren lan etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten ikasleei laguntzea da, hala nola zer gaitasun espezifiko eskuratzea den egokiagoa profil bakoitzaren arabera, praktikak egitea komeni den edo ez, edo nazioarteko egonaldi bat egin beharko luketen, bai eta zer lan sektoretarantz jo behar duten ere, besteak beste. Aholkularitza pertsonalizatu hori, ikasturtean zehar eskaintzen diren tailerrekin batera (curriculuma idazteari edo lan elkarrizketa bat prestatzeari buruzkoak, adibidez), NUPeko Lan Orientazioko Programaren parte da, eta, aldi berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enplegagarritasuna eta Ekintzailetza Hobetzeko Planaren barnean dago.

Enplegagarritasuna eta Ekintzailetza Hobetzeko Plana

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enplegagarritasuna eta Ekintzailetza Hobetzeko Plana Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak bultzatutako programa bat da, ekintza jakin batzuen bidez ikasleen laneratzea erraztea duena helburu.

Zehazki, enplegagarritasunari dagokionez, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-programa bat eskaintzen da (horretarako, 360 º-ko test bat egin behar da gaitasun horiek ebaluatzeko), bai eta aipatutako lan orientazioa (tailerrez eta banakako saioz osatua) eta Mentore Seniorren Plana ere. Ekintzailetza sustatzeari dagokionez, nabarmentzekoak dira Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko Topaketa eta Enpresen Berrikuntzari eta Esperientziei buruzko Mintegia (urtero egiten diren topaketak biak). Gainera, aurten berrikuntza gisara, Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko titulu bereki bat eskaintzen da, Rural Kutxarekin lankidetzan sortua, eta izena emateko epea zabalik dago.