Joan eduki nagusira

Sophie Mullerrek, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak (ACNUR) Espainian duen ordezkariak, Giza Eskubideak Defendatzeko eta Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria jaso du gaur goizean Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Sari hori 2019koa da, baina ezin izan zen orduan eman pandemia zela eta. Ekitaldian Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakaria izan da buru, fundazio horretako ohorezko lehendakari gisa, eta baita Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea ere.

zoom Sophie Muller

Sophie Muller, ACNURek Espainian duen ordezkaria, sariaren oroigarria den estatuarekin

Jaime Brunet Fundazioak giza eskubideak defendatzeko eta sustatzeko lanean diharduten pertsona, entitate edo erakundeak saritzen ditu. Oraingo honetan, ekitaldi bakar batean banatu dira, Fernando Remacha aretoan, 2019. eta 2020. urteetako sariak: nazioarteko saria, giza eskubideekin zerikusia duten doktoretza-tesien sariak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleen ikasketa-amaierako lanen sariak. Gainera, hiru dirulaguntza eman zaizkie beste horrenbeste entitateri pandemia garaian Nafarroan beharrean zeuden pertsonei laguntzeko egindako lanagatik.

Ekitaldira 150 gonbidatu inguru joan dira, eta 13:00etan hasi da, agintari eta saridunak aretora sartu direnean. Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakariarekin eta Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorearekin batera, Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Joaquín Mencos Doussinague Brunet Fundazioko lehendakariordea izan dira mahaiburu. Zura Quartet laukoteak jo du musika.

Lehenik eta behin, diplomak eman zaizkie NUPeko ikasleentzako sarien irabazleei eta giza eskubideekin, haien defentsarekin eta sustapenarekin lotutako doktoretza-tesien sarien irabazleei. Lehen kasuan, 2019an, “ex aequo” irabazi zuten saria Irune Bayanok, Iranzu Equisoain Azconak eta Hugo Montoyak; 2020an, berriz, David Garciandíak, María Dolores Martínezek eta Angie Marcela Bejaranok. Doktoretza tesiei dagokienez, Lucía Serrano Sánchezek eta Núria Reguart Segarrak irabazi zituzten sariak 2019an eta 2020an, hurrenez hurren. Haien guztien izenean, esker oneko hitz batzuk zuzendu dizkie David Garciandíak bertaratuei.

Ondoren, Brunet Fundazioak aurten emandako 10.000 euroko laguntzen diplomak banatu zaizkie pandemian Nafarroan beharrean zeudenak defendatzeko eta laguntzeko egin duten lan humanitarioagatik nabarmendu diren erakundeei: Gizakia Herritar Fundazioa (Paris 365 jantoki solidarioaren proiektua), Artzain Onaren Laguntzaileak-Villa Teresita eta Itxaropenaren Nafarroako Elkartea.

Gero, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandataritzari (ACNUR) Jaime Brunet Nazioarteko Saria emateko erabakia irakurri du Javier Blázquez Ruiz Jaime Brunet Fundazioko idazkariak. Sophie Muller Espainiako ordezkariak hartu du saria —36.000 euro, diploma eta eskultura oroigarri bat— eta eman du hitzaldia.

zoom Bertaratutako ikus-entzuleak eta lehendakaritza-mahaia

Bertaratutako ikus-entzuleak eta lehendakaritza-mahaia. Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos, Ramón Gonzalo, Meritxell Batet eta Unai Hualde

Ekitaldiaren amaieran, honako hauek hartu dute hitza: Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Jaime Brunet Fundazioko ohorezko lehendakariordeak; Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Jaime Brunet Fundazioko lehendakariak; eta Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakariak eta Jaime Brunet Fundazioko ohorezko lehendakariak.

ACNUR, 138 herrialdetan

ACNUR 138 herrialdetan dago gaur egun, eta NBEren Batzar Orokorrak sortu zuen Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Europan lekualdaturik zeuden pertsonei laguntzeko. 2021ean, 70 urte bete ditu NBEren Errefuxiatuentzako Agentziak, eta bortxaz lekuz aldatu behar izan duten 82 milioi pertsonari baino gehiagori lagundu die. Urte horietan guztietan, mundu osoko milioika errefuxiatu eta lekualdaturi laguntza eta babesa eskaini die, gerraren, jazarpenaren eta hainbat herrialde eta kontinentetan gertatutako gatazken ondorioz etxea utzi behar izan dutenei alegia. Mundu osoko milioika aberrigaberi ere laguntzen die, zeinei herritartasun eskubidea ukatu baitzaie eta oinarrizko eskubiderik gabe bizi baitira.

60ko hamarkadaren amaieratik, ACNURek ordezkaritza bat du Espainian, errefuxiatu eta asilo-eskatzaileenganako errespetua eta haien nazioarteko babesa zaintzeko. Horretarako, lege arloko, komunikazioko eta kanpo harremanetako talde bat du. Gobernu, gobernuz kanpoko erakunde eta entitateekin lan egiten du, aholkularitzaz eta prestakuntzaz arduratzen da, eta errefuxiatuak Espainian birkokatzeko, integratzeko eta familiak berrelkartzeko programak sustatzen ditu.

Sortu zenetik, ACNURek bitan irabazi du Bakearen Nobel Saria (1954an eta 1981ean), eta behin Lankidetzako Asturiasko Printzea Saria (1991n). Gaur egun, esparru humanitarioko zenbait arlotan espezializatutako 17.000 profesionalek baino gehiagok egiten dute lan erakundearentzat, eta horietatik % 87k lekuan bertan.

Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatua da, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko.
 

Lucía Serrano Sánchez eta Núria Reguart Segarra, doktoretza-tesiengatik saritu dituztenak, agintariekin batera argazkia ateratzeko jarrita Lucía Serrano Sánchez eta Núria Reguart Segarra, doktoretza-tesiengatik saritu dituztenak, agintariekin batera argazkia ateratzeko jarrita
Sophie Muller, ACNURek Espainian duen ordezkaria, agintariekin batera Sophie Muller, ACNURek Espainian duen ordezkaria, agintariekin batera
Sophie Muller, hitzaldian Sophie Muller, hitzaldian
Ekitaldiko gonbidatu eta ikus-entzule batzuk Ekitaldiko gonbidatu eta ikus-entzule batzuk
Diputatuen Kongresuko lehendakaria bere hitzaldiaren une batean Diputatuen Kongresuko lehendakaria bere hitzaldiaren une batean
Conchi Jiménez (Villa Teresita) eta Teresa Gil (Itxaropenaren Nafarroako Elkartea) agintariekin batera Conchi Jiménez (Villa Teresita) eta Teresa Gil (Itxaropenaren Nafarroako Elkartea) agintariekin batera
Ikasketa amaierako lanengatik Brunet saria jaso dutenen taldeko argazkia agintariekin batera Ikasketa amaierako lanengatik Brunet saria jaso dutenen taldeko argazkia agintariekin batera
Zura Quarteten musika-interpretazioaren une bat Zura Quarteten musika-interpretazioaren une bat
Agintariak, ekitaldira iritsi direnean Agintariak, ekitaldira iritsi direnean
1 / 2
Premios Brunet