Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak epea ireki du gaur eta irailaren 3ra arte egonen da zabalik heldu den 2021-2022 ikasturterako matrikula egiteko. Ikasturtea irailaren 13an hasiko da, eta 1.263 ikaspostutik gora eskaintzen dira 95 ikastarotan. Matrikula Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean egiten ahal da, eta egutegi akademikoa webgune horretan bertan kontsultatzen ahal da.

zoom Ikasle bat

Ikasle bat Hizkuntzen Goi-Mailako Ikastegiko Baliabideen Ikastegian

Ingelesa, frantsesa, alemana, atzerritarrentzako espainiera eta txinera ikasteko ikastaroak eskaintzen dira. Txinera Zaragozako Unibertsitateko Konfuzio Ikasgelaren bitartez ematen da. Horiez gainera, ingeleseko eta frantseseko azterketa ofizialak prestatzeko lantegiak eta ikastaro espezifikoak ere aurki daitezke eskaintzan. Aurreko ikasturtean bezala, ingeleseko B1 lortzeko hizkuntza gaikuntzako eta orientazioko lantegi bat eskainiko da aurten. B1 maila ezinbestekoa da graduko titulua lortzeko.

Ikastaroen tipologia unibertsitateko komunitateko talde desberdinek hizkuntza-prestakuntzaren eremuan dauzkaten beharretara moldatzen da. Halaber, ikastaroen diseinuak aukera ematen du hizkuntzen ikasketa norberaren neurrira, beharretara eta mailara egokitzeko, komunikazioa eta parte-hartzea errazten duten eta, azken batean, hizkuntzaren komunikazio gaitasunean benetan aurrera egiteko bidea ematen duten metodoen bitartez.

Ikastaroak unibertsitateko komunitateko kideentzat eta kanpokoentzat

Ikastaroak denentzat dira: bai unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emana duten kideek –inskripzioa doakoa da– deskontu bereziak dauzkate.

Ikastegira sartuko diren pertsona berriek hizkuntza bat ikasi nahi eta aldez aurretik hizkuntza hori ikasten aritu badira, hartan duten maila egiaztatu dezakete ziurtagiri ofizial baten bidez edo Ikastegian bertan proba bat eginez (Arrosadiko campuseko Sarioko eraikineko 3. moduluko 1. solairuan). Maila egiaztatzeko proba hori –aurretik inskripzioa egin behar da Hizkuntzen Goi-Mailako Ikastegiko webgunean, baina ez da aurretiko hitzordurik behar– astelehenetik ostiralera egiten da, 9etatik 14ak arte. Ingelesaren kasuan ordenagailu bidezko test bat eta idazlan bat egin behar dira, eta frantsesaren eta alemanaren kasuan, berriz, gehienezko ordubeteko iraupena duen proba idatzi bat.

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia duela 20 urte baino gehiago ari da hizkuntzak irakasten. Denbora horretan guztian, 29.000 ikasletik gora izan dira bertan. Gainera, akreditatutako zentro aztertzailea da honako hauen azterketa ofizialetarako: Cambridge eta TOEFL iBT (ingelesa), DELF-DALF (frantsesa), DELE (gaztelania) eta CCSE (nazionalitate espainiarra eskuratzea) eta HSK (txinera).

Ikasleek multimedia baliabideen zentrorako sarbidea dute. Eskaintzen dituen baliabideen bidez modu autonomoan lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago zentro hori (multimedia softwarea, kontsultarako materiala, liburuak, aldizkariak eta filmak maileguan hartzeko zerbitzua).

Ikastaro eta zerbitzu horiei buruzko argibide guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren  webgunean kontsultatu daitezke, eta, 948169791 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara mezu bat igorrita: centro.idiomas@unavarra.es.