Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ekintzailetzako Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanentzako Rural Kutxa Sarietarako deia egin du. Horren bidez, 2020-2021 ikasturtean defendatu diren eta jarduera ekintzailearen zenbait alderdi landu dituzten gradu eta master amaierako lanak aintzatetsiko dira. Guztira, bost sari emanen dituzte, 4.000 euro osotara.

zoom NUP.

NUP.

Enpresa-proiektu bat sortzen duten lanak, merkaturatzen ahal diren produktu edo zerbitzu berritzaileak proposatzen dituztenak eta teknologia- edo ezagutza-transferentzia dakartenak sarituko dira. Iaz bezala, aurten ere COVID-19aren eta haren ondorioen aurkako konponbideak emateko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimenak sustatzen dituen lan bat ere sarituko da.

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bidez eta Rural Kutxaren babesarekin, NUPek berrikuntza eta sormena eta berrikuntzan oinarritutako ekintzailetza-ideien sorkuntza saritu nahi ditu, gazteen autoenplegua errazteko.

Deialdiak hiru sari-modalitate ezartzen ditu: gradu amaierako lanena, 1.000 euroko sari nagusia eta 500 euroko bigarren saria dituena; master amaierako lanena, kopuru bereko lehen eta bigarren sariekin; eta COVID-19arena, 1.000 euroko sari bakarrarekin.

Hautagaitzak, urriaren 15era arte

Sari horietara aurkezteko, NUPeko titulazio ofizialetako Gradu Amaierako Lana edo Master Amaierako Lana 2020-2021 ikasturtean egina izan beharko dute hautagaiek. Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dituen Erregistro Orokorretan aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak, urriaren 15era arte, eta, horrekin batera, Ikasketa Amaierako Lanaren ezaugarri nagusiak deskribatzen dituen memoria bat ere aurkeztu beharko dute (gehienez hamar orrialdekoa).

Balorazioa egiteko, sarien epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: proposamenaren berrikuntza-maila, lehiarako abantaila, merkatuaren eta bezeroen ikuspegia, proiektuaren heldutasun maila eta lanaren diziplina anitzeko izaera.

Deialdiaren oinarri guztiak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.