Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa EMBRACE HE izeneko proiektu europarreko kide da. Batik bat unibertsitateei zuzendua dago ekimena, jardueren, praktiken eta programen bidez beren ikasleen osasun mentala eta ongizatea sustatzea eta hobetzea baitu helburu.

zoom Ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Natalia Tajadura, Estefanía Regalado, Izaskun Andueza, Angie Marcela Bejarano eta Rubén Lasheras Ruiz

Proiektuko ikertzaileek azaldu dutenez, “gai horrek garrantzi handia hartu du oraingo egoeran, osasun krisiaren ondorioz larritu egin dira-eta ikasleen osasun mentaleko arazoak”. Gainera, azpimarratu dute goi mailako hezkuntzako erakundeak gero eta erabakigarriagoak direla ikasleen osasun mentala bermatzeko.

EMBRACE HE proiektua Europar Batasuneko Erasmus Plus ekintzen bidez finantzatzen da. Proiektuaren liderra Birmingham City University da (Erresuma Batua), eta beste kideak Vilnius University (Lituania), Panepistimio Kritis (Kretako Unibertsitatea, Grezia) eta Western Balkan Institute (Serbia). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko Izaskun Andueza Imirizaldu, Angie Marcela Bejarano Riveros eta Rubén Lasheras Ruiz kideek osatzen dute ikerketa-talde nagusia. Laguntzaile izanen dituzte, halaber, Natalia Tajadura, Estefanía Regalado eta Idoya Aranaz, NUPeko Gizarte Ekintzako Unitateko, Psikologiako Laguntzako Zerbitzuko eta Berdintasuneko Unitateko teknikariak, hurrenez hurren, bai eta Lucía Martínez Virto ere, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzako Gizarte Ekintzaren eta Berdintasunaren Arloko zuzendaria.

Proiektuaren emaitza gisa, ongizate eta osasun mentalari buruzko zenbait gairen inguruko 5 toolkit prestatuko dituzte (erreminta kaxa), eta sarbide irekiko webgune batean jarriko dituzte edonork eskuratzeko moduan. Zehazki, informazio baliagarria jarriko dute webgunean osasun mentala indartzeko jardunbide onei eta baliabideei buruz, ikasleen ongizateari buruzko ikuspegi holistiko batetik abiatuta. Unibertsitateentzat dira bereziki baliabide horiek, unibertsitateek antolatzen baitituzte ikasleen ongizatea eta osasun mentala sustatzeko, indartzeko eta hobetzeko eta alderdi horietako arazoen prebentziorako jardunbideak, jarduerak eta programak.

Proiektuan Europako erakunde batek baino gehiagok hartzen duenez parte, herrialde batean edo bestean dagoeneko martxan dauden eta eraginkorrak eta aplikaerrazak diren jardunbide onak finkatzen ahaleginduko dira. Era berean, online mintegiak eginen dituzte www.embracehe.org webguneko baliabideak nola erabili azaltzeko.

Proiektuko kideek espero dute honako gai hauek landuko dituztela besteak beste: ikasleen ongizate mentala hobetzeko jardunbide berritzaileak; osasun mentaleko arazoen ulermena halako arazoak dituztenak babesteko eta laguntzeko; jardunbide onen aplikazioa; mintzatuz laguntzeko moduak; teknika berri eta berritzaileak ikasleek campusean duten ongizatea areagotzeko; osasun mentalaren inguruko inklusio soziala, dibertsitatea eta nortasuna; eta osasun mentala babesteko berrikuntzako kasu interaktiboen azterketa (Europako unibertsitate batzuetako jardunbide berritzaileen adibide ikus-entzunezkoak).