Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bitartekaritza eta hezkuntza artistikorako EDARTE ikerketa-taldeak laguntza eman du Nafarroako Museoan orain dela gutxi inauguratu diren bi areto berri diseinatzeko eta garatzeko bitartekaritza-planean. Erakusguneek “Txanpona Nafarroan. Boterea, lurraldea eta gizartea” eta “Horma-pintura gotikoa. Jainkozkoaren gizatiartzea” dute izena.

zoom “Txanpona Nafarroan” aretoa

“Txanpona Nafarroan” aretoa. Argazkia: José Luis Larrión. Nafarroako Museoa.

Amaia Arriaga Azcárate zuzendariak eta Lander Calvelhe eta Gonzalo Vicci kideek osatzen dute EDARTE taldea, denak ere NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailekoak eta haren barneko I-COMMUNITAS ikerketa-institutukoak. Nafarroako txanponari buruzko proiektuan Imanol Aguirre Arriaga irakasle eta ikertzaileak hartu du parte.

EDARTEk proiektu honetan egindako lana ikerketa-transferentziako zenbait kontraturen bitartez bideratu da (OTRI). “Arte museo batek bere bildumek eskaintzen dituzten aukera guztiak ustiatu behar ditu, bai gozamen estetikora bideratutakoak, bai prestakuntzakoak. Horrela, bada, bisitariei obrak ulertzen eta haiekin elkarrizketa moduko bat sortzen laguntzeko testuak eta baliabideak diseinatzean datza gure esku-hartzea”, azaldu du Amaia Arriagak.

Bi erakusgune berrien edukia

“Txanpona Nafarroan. Boterea, lurraldea eta gizartea” lelopean, Nafarroako Museoak munduko numismatika bilduma garrantzitsuenetako bat jarriko du ikusgai 3.4 aretoan. Nafarroako historiara hurbiltzeko aukera emanen duten berrehun pieza inguru ikusten ahal dira, Burdin Aroaren amaieratik 1837ra artekoak, hots, Isabel II.a Espainiakoaren eta I.a Nafarroakoaren erregealdiaren garaira artekoak.

zoom Horma-pintura gotikoa. Jainkozkoaren gizatiartzea

“Horma-pintura gotikoa. Jainkozkoaren gizatiartzea” aretoa. Argazkia: José Luis Larrión. Nafarroako Museoa

Haiekin batera, txanpon formako objektuak ere erakusten dira, hala nola “jeton” izenekoak (legezkoak ez diren metalezko piezak), baita txanponak fabrikatzeko erabiltzen ziren zenbait tresna original ere. Gainera, txanponen bidez Nafarroako historia kontatzen duen denboraren lerro bat ere badago.

Bestalde, 1.9 aretoari “Horma-pintura gotikoa. Jainkozkoaren gizatiartzea” izena jarri diote, eta Nafarroako historiaren eta artearen garairik gorenetako bat du aztergai. Garai hartan, XIV. mendearen lehen erdian, Iruñeko katedrala foku kosmopolita bihurtu zen, nazioarteko artista bikainak bildu zituena.