Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko IMAB Institutuko (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology - Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutua) Rosa Murillo Pérez eta Iñigo Ruiz de Escudero Fuentemilla ikertzaileek proposatu dute ezpelaren sitsari aurre egitea bakterio bat intsektizida gisa erabiliz. “Prozedura horren bidez bakterioak zenbait toxina sortzen ditu, sitsaren larbak hiltzen dituztenak”. Horrela, bada, ikuspegi berri bat proposatu dute halako izurri arazotsu baten kontrol biologikorako, Foru Komunitatean parasitoide bat erabiltzeko entsegua egin ondoren ez baita emaitza nabarmenik lortu. Uztailean hasiko dira lanean estrategia horrekin, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin eta GAN-NIK enpresa publikoarekin sinatutako ikerketa-kontratu berri baten ondorioz.

zoom TEXTO ALT

Rosa Murillo eta Iñigo Ruiz de Escudero, NUPeko laborategietako batean.

Ezpelaren sitsaren izurritea (Cydalima perspectalis) 2014an hasi zen arazoak sortzen Nafarroan. Entsegu esperimentala, GAN-NIK enpresa publikoarekin lankidetzan, 2020ko maiatzetik abuztura bitartean egin zen, ezpelaren sitsaren errunaldia gertatzen denean. Zehazki, “Trichogramma spp.” generoko parasitoide bat (izurrite-intsektuen errunaldiak parasitatzen dituen liztor txikia) oinarri duen produktu biologiko bat erabili zen. “Produktua —azaldu du Rosa Murillok— beste espezie baten arrautzak dituzten plakak dira, liztor horiek parasitatuak, eta sitsak elikatzen diren ezpelaren adarretan jartzen dira. Parasitoidearen liztorrak plakatik bi astez ateratzen dira, eta sitsaren arrautzak parasitatzen dituzte. Ondorioz, larbak garatzea eragozten dute eta, hala, Cydalimaren ziklo biologikoa eteten da”.

Metodo hori ez da erabili orain arte Nafarroan ezpelaren izurriari aurre egiteko, baina bai Katalunian. Saiakuntza 5 lekutan egin zen (Idotzinen, Zenborainen eta Esteribarren), eta horietako bakoitzak mugarriztatutako 9 lurzati ditu, 100na metro karratukoak. Tratamendua maiatzetik ekainaera eta uztailetik abuztura egin zen.

Iñigo Ruiz de Escuderok dioenez, “lortutako emaitzak ez ziren onak izan. Lortu zen parasitazio-ehunekoa ez zen nahikoa izan izurritea modu eraginkorrean kontrolatzeko. Hau da, sits-populazioaren presioa prozedura honen bidez murrizteko gaitasuna ez da nahikoa. Zergatik? Ez dakigu ziur. Nafarroako ezpelaren baldintzengatik izan daiteke; faktore askok eragiten dute, hala nola altitudeak, klimak eta abarrek; eta, gainera, ezpelaren sitsa oso izurri apetatsua da: lursail batzuei eragiten die eta ez beste batzuei, distantzia batean mugitzen da, baina ez bestean; ez da altitude jakin batera igotzen… eta ez dakigu zergatik”.

Estrategia berria

Laboreen Babesa ikerketa-taldearen lan-ildoetako bat biointsektiziden garapena eta aplikazioa denez, Rosa Murillok eta Iñigo Ruiz de Escuderok ildo horretan ikertzeko aukera proposatu dute. Alde horretatik, berriki ikerketa-kontratu bat sinatu dute  Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin eta GAN-NIK enpresarekin , ezpelaren sitsaren kontrol biologikorako tresnak bilatzeko. Zehazki, uztailean hasiko dira Cydalimak larriki kaltetutako Nafarroako eremuak aztertzen, kontrol biologikoko agente gisa garatzeko ahalmena duten parasitoide edo patogeno autoktonoak bilatzeko.

“Gure ikerketa-lerroa intsektizida mikrobianoak dira. Hau da, birusekin edo bakterioekin sortutako biointsektizidetan adituak gara. Adibidez, bada bakterio bat (Bacillus thuringiensis) dagoeneko biointsektizida gisa erabiltzen dena beste izurrite batzuetarako: desagerrarazi nahi dugun intsektuaren larbak hiltzen dituzten toxinak sortzen ditu, eta, hala, ugaltze-zikloa hausten da”.

Ezpelaren sitsaren kontrol biologiko hori lortzeko, espezie horri aurre egiteko bakterio edo birus jakin bat aurkitzea da orain helburua. “Tximeleten larbei eragin behar die berariaz. Aurkitu ditugu, bai, Bt bakterioa (Bacillus thuringiensis) eta beste patogeno batzuk direla-eta hildako ezpel-sitsaren larba batzuk. Horregatik, zehazki ikertu nahi genuke zer aukera dagoen biointsektizida bat garatzeko baso-sistemek eskatzen duten espezifikotasunarekin”, adierazi du Rosa Murillok.

“Gure helburua —esan du Iñigo Ruiz de Escuderok— Bt patogenoaren Nafarroako andui naturalak aurkitzea eta isolatzea da. Horrenbestez, bakterioaren anduia karakterizatuko genuke (teknika molekularren bidez), eta produktua ezpelean aplikatuko genuke ezpelaren sitsaren larbak jan dezan, zeina bakterioak sortzen dituen toxinengatik hilko baitzen”.

Beste aukeretako bat bakulobirusarekin lan egitea litzateke (bakarrik intsektuei eragiten dien birus mota bat). “Kasu honetan, ezpelaren sitsaren larbak bildu eta birusagatik hiltzen diren edo ez behatzen da laborategian. Badakigu badirela ezpelaren sitsaren aurka jardun dezaketen bakulobirusak, baina oraindik ez ditugu hemen aurkitu”.