Joan eduki nagusira

NUPek handitu egin du 2021-2022 ikasturtean Gizarte Laneko Graduan euskaraz eskainiko dituen kredituen kopurua: % 27,5 eskaini zituen iaz (66 ECTS), eta % 60 eskainiko ditu heldu den ikasturtean (144 ECTS). Unibertsitatearen asmoa etorkizunean gaztelaniaz ez ezik titulazio osoa euskaraz eskaintzea da, eta dagoeneko posible da lehen ikasmaila euskara hutsean egitea.

Horrela, NUPen Plan Estrategikoan euskarazko irakaskuntza areagotzeko jasotako aurreikuspenei erantzun nahi zaie. Gaur egun, Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza egiten ahal dira oso-osorik euskaraz. Plan horretan jasotzen denez, gaur egun Unibertsitateak kredituen % 21,4 eskaintzen ditu euskaraz.

Bestalde, Unibertsitateak lan-eremuan gaztelania ez diren hizkuntzen erabilerari buruz egindako inkesta batean, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ikasi zutenen % 46,3k adierazi zuten euskara erabiltzen zutela lan-jardueran, eta % 35,4k, berriz, egunero erabiltzen zutela euskara. 

Gradua Gizarte Lanean

Gizarte Laneko Gradua NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko eskaintza akademikoaren parte da. Gizarte-babesaren hainbat arlotan aritzeko prestakuntza eskaintzen du, hala nola gizarte-zerbitzu orokorretan edo haur eta familiei, adinekoei, esklusio sozialean dauden pertsonei edo desgaitasunen bat dutenei arreta emateko, besteak beste.