Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) zeharkako prestakuntza bat eskaintzen hasi da 2021-2022 ikasturterako Unibertsitateko Adituaren (18 ECTS) edo Berrikuntzako eta Ekintzailetzako Espezializazio Diplomaren (30 edo 36 ETCS) formatuan, Nafarroako Rural Kutxaren finantzaketarekin. Prestakuntzaren helburuak, hurbilketa teoriko eta esperientzialetik abiatuta, esparru horietan gaitasunak garatzea eta erakundeek dituzten erronkak esperimentatzea dira. “Espiritu ekintzailea eta berritzailea asko eskatzen da egungo lan-merkatuan”, azaldu dute prestakuntzaren arduradunek. Izena emateko epea irekita egongo da ekainaren 30era arte eta informazio guztia Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da.

zoom Participantes

Ezkerretik eskuinera: Gonzalo Soto Escudero (Nafarroako Rural Kutxako INICIA lerroaren arduraduna), Cristina Bayona Sáez, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea, Ricardo Goñi Leranoz (Nafarroako Rural Kutxako harreman instituzionaletako zuzendaria) eta Paula Anzola Román (koordinatzailea).

Lehen titulua graduko azken ikasmailetako ikasleentzat edo master bat egiten ari direnentzat da, eta bigarrena edozein titulaziotako graduko bigarren ikasmailatik gorako ikasleentzat. Azken kasu horretan, lau ibilbide eskaintzen dira, bat eremu biosanitarioan, beste bat zientifiko-teknikoan, hirugarrena giza zientzietan eta laugarrena gizarte zientzietan, eta tresna egokiak garatuko dira enpresa-ekimen bat edo proiektu berritzaile propio bat abian jartzeko. Prestakuntza-ikuspegia, bestalde, gaur egun enpresak sortzeko erabiltzen diren metodologietan oinarritzen da, hala nola “design thinking” edo “lean start-up” direlakoetan. 

Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordearen esku dago prestakuntza honen zuzendaritza akademikoa, eta koordinazio akademikoa Paula Anzola Román NUPeko Ekintzailetzaren arloaren zuzendariaren esku. Irakasle taldea osatzeko, besteak beste Enpresen Antolakuntza, Merkataritza Zuzenbidea, Finantzak edo Ekonomia arloetako NUPeko irakasleak, beste unibertsitate batzuetako irakasleak eta lanean ari diren profesionalak egongo dira. 

Edukiak, parte-hartzaileak eta NUPeko beste ekintza batzuk

Hauek dira Unibertsitateko Adituaren Diplomaren edukiak: XXI. mendeko berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko esparru teorikoa eta kontzeptuak, ekosistema berritzailea, haren eragileak eta sustapen-programak, start-up berritzaileei lotutako erronkak, proiektuak kudeatzeko tresnak eta zeharkako gaitasunak. Diploman, gainera, NUPeko oinarri teknologikoko enpresen esperientziak emango dira ezagutzera, arlo espezifikoetako ekintzailetza nola egiten den irakatsiko da, eta zenbait jarduera eta bisita egiteko aukera eskainiko da.

Prestakuntzan parte hartzen dute, gainera, Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN), Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, NUPeko ikerketa-institutuek, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak (ANEL), Nafarroako Enpresen Konfederazioak (CEN), Gazte Enpresaburuen Elkarteak (AJE), Eder Partzuergoak, Nafarroako Rural Kutxak eta Sodenak. 

Prestakuntza horretaz gainera, aipatzekoa da NUPek zenbait ekintza jartzen dituela abian Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzaren bidez, ikasleen izaera berritzaile eta ekintzailea bultzatzeko. Besteak beste, arlo horretako Ikasketen Amaierako Lanentzako Nafarroako Rural Kutxa Saria eta Berrikuntzako eta Enpresa Esperientzietako Mintegia antolatzen ditu, eta “Explorer” ekintzailetza programan ere hartzen du parte. Azkenik, Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategia ere badauka (LUCE).