Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Irakasleen Bikaintasun Sariak banatu ditu, sail eta arlo bateko eta besteko irakasleek 2020an egindako lana aintzatesteko. Ekitaldia Arrosadiko campuseko Nicolás Oresme aretoan egin zen. Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea izan zen buru, eta Inés Olaizola Nogales Irakasleen Gaietarako errektoreordea ere egon zen bertan. Aintzatespena jaso zuten irakasleen aldetik, Mikel Galar Idoate Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak hartu zuen hitza.
Saridunak, NUPeko errektore Ramón Gonzalo eta Irakasleen Gaietarako errektoreorde Inés Olaizola (argazkiaren erdialdean). Haien atzean, ezkerretik eskuinera, Inés Gabari eta Mar Rubio. Zirkuluerdian, ezkerretik eskuinera, Beatriz Rodríguez, Mikel Galar, Miguel Campo, Alfonso Arteaga, Inmaculada Farran, Antonio López, Pedro Luis Gonzaga, Sandra Cavero eta Gregorio Tiberio.
Mikel Galarrez gainera, honako irakasle hauek jaso zuten saria: Alfonso Arteaga Olleta (Osasun Zientzien Saila), Miguel Campo Bescos eta Pedro Luis Gonzaga Vélez (Ingeniaritza), Sandra Cavero Brújula (Enpresen Kudeaketa), Inmaculada Farran Blanch (Nekazaritza, Bioteknologia eta Elikagaigintza), Inés Gabari Gambarte (Giza eta Hezkuntza Zientziak), Antonio López Martín (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saila), Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano (Zuzenbidea), Mar Rubio Varas (Ekonomia) eta Gregorio Tiberio López (Osasun Zientziak).
Irakasleen bikaintasunaren ebaluazioa
Ebaluazio-metodoa Unibertsitatean gai horri buruz dagoen araudia eguneratzearen ondorioa da. Irakasleek ebaluazioa eskatzen ahal dute nahi izanez gero, eta hiru alderdi hartzen dira kontuan: egokitasuna (irakasleak emandako edukiak zenbateraino datozen bat Unibertsitatearen, ikastegiaren eta titulazioaren eskakizunekin, plan estrategikoetan eta ikasketa-planetan jasota dauden bezala), gogobetetzea (ikasleek eta arduradun akademikoek iritzi ona ote duten irakaslearen jardunaz) eta irakasleak berak bere jardunari buruz zer gogoeta egin duen eta zer hobekuntza aplikatu dituen (batzordeetan eta bileretan parte hartuz, eta irakasgaiari eta irakaskuntza-estrategiei buruzko prestakuntza jasoz).
Eskaerak ebaluatzeaz arduratzen den batzordea honako hauek osatzen dute: izen handiko unibertsitateko irakasle bat, NUPetik kanpokoa eta Gizarte Kontseiluak izendatua; Irakasleen Gaietarako errektoreordea; ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten zenbait irakasle; unibertsitateko ikasleen ordezkari bat; eta NUPetik kanpoko unibertsitateko irakasle bat, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak izendatua (ANECA).