Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Green Week” edo Aste Berdea antolatu du ekainaren 7tik 11ra. Horren barruan, campus zientifiko bat eta ingurumenari eta jasangarritasunari buruzko 50 hitzaldi eta lantegi baino gehiago egingo dira, Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat. Bai campus zientifikoan parte hartzeko eskaera, bai hitzaldietan eta lantegietan parte hartzekoa NUPeko Green Week astearen webaren bidez egiten ahal dira maiatzaren 31 arte (astelehena).

Jarduera horiek Europako Batzordeak finantzatutako GREEN 9 NIGHT proiektuaren barruan kokatzen dira. Proiektu horretan NUPek hartzen du parte, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mende dagoen Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez, Unibertsitateen G9 Taldearekin batera. Europako Aste Berdean antolatutako programazioaz gain (aurten, “Zero kutsadura, populazio eta planeta osasuntsuagoen alde” du izena), irailaren 24an egingo da proiektuaren ekitaldi nagusia: Europako Ikertzaileen Gaua. Aurtengo helburua unibertsitateek ekonomia jasangarriagoa lortzeko duten konpromisoa gizarteari erakustea da.

Campus zientifikoa Batxilergoko 1. ikasmailarako

Campus zientifikoa esperientzia pilotu gisa jarri du abian aurten NUPek, etorkizunean ere egiten segitzeko asmoz, eta Batxilergoko lehen mailako ikasleentzat da. Unibertsitateko laborategi eta instalazioetan hainbat jarduera eta lantegi egingo dira, besteak beste, honako hauei buruz: herbario birtualak, kutsatzaileak ezabatzeko mikrogailuak fabrikatzea, nekazaritza eta ingurumeneko aplikazioetarako teledetekzio-tresnak erabiltzea, nekazaritza adimenduna, elikagaien garapena edo haragi osasungarria. 

Campusa NUPeko irakasle eta ikertzaileek lan egin ohi duten instalazio eta laborategietan egingo denez, eta COVID-19aren osasun-murrizketak direla eta, 12 postu baino ez dira eskainiko, zozketa bidez esleituko zaizkienak izena ematen duten eta parte hartzeko motibazio gutuna bidaltzen duten ikasleei. 

Hitzaldien eta hitzaldiak ematen dituzten irakasleen eskaintza osoa

Honako hauek dira Batxilergorako eskainitako hitzaldiak, emango dituzten irakasleak aipatuz: “Kutsadura teknologikoa” (Antonio López Martín), “Testuinguru energetikoa” (David Astráin), “Gainazaletako teknologiak etorkizun jasangarri batean” (José Antonio García Lorente), ““Paleolitikoko klima lagungarria izaten ahal da etorkizuneko klima nolako izanen den iragartzeko” (Miroslav Zivanovic Jeremic). 

Hauek dira Batxilergoko eta DBHko hirugarren eta laugarren ikasmailetako ikasleen eskura jartzen diren saioak, zein irakaslek ematen dituzten adierazita: “Klima-aldaketaren desafioak: ingurumenaren arloko ikerketa aldaketa globalaren inguruan” (Rosa María Canals Tresserras), “Lur planetako altxor geologikoak” (Francisco Javier Sanz Morales), “Haragia jateak nolako eragina duen Lurraren berotzean” (Patxi Elizalde Domínguez), “Beranduegi al da aldaketa klimatikoari aurre egiteko?” (Itziar Legarreta); eta bi lantegi, NUPeko APERNA elkarteak emanak: “Bihurtu zure bizikleta bizikleta elektriko” eta “Muntatu zeronek kargagailu fotovoltaiko bat zure smartphonarentzat”. Honako hauek dira bereziki DBHrako pentsatutako hitzaldiak: “Visions of the future... from the past” (Mar Rubio Varas, gaztelaniaz edo ingelesez) eta “Jasangarria al da jaten duguna?” (Cristina Arroqui Vidaurreta).

Azkenik, hiru lantegi eskaini dira Lehen Hezkuntzarako: “Energia berriztagarriak eta ez-berriztagarriak” (Alberto Berrueta Irigoyen), “Sumendi baten beroarekin elektrizitatea sortzea” (Leyre Catalán eta Patricia Alegría) eta “Energia kontsumoa eta energia berriztagarriak” (Idoia Lizarraga Zubeldia eta Irene Miquelez Madariaga).