Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Medikuntzako Graduko bigarren ikasmailako 62 ikaslek COVID-19aren eragilea den SARS-Cov2 koronabirusaren aurkako erantzun immuneari buruzko jardunaldi zientifiko bat antolatu dute berriki. Jarduera Immunologia irakasgaiaren barnean kokatzen zen, zeina Eva Bandrés Elizalde Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta Nafarroako Ospitaleguneko immunologoak ematen baitu.
Ikasleek ahozko lan bat aurkeztu behar zuten, eta hortik sortu zen jardunaldi zientifiko edo symposium formatuan egiteko ideia. Horrela, lanak gaika multzokatuta aurkeztu ziren, bost mahaitan, eta Nafarroako Ospitaleguneko osasun-profesionalak aritu ziren moderatzaile. Honako hauek izan ziren bost gai horiek: berezko immunitatea SARS-Cov2 koronabirusaren aurrean, immunitate zelularra SARS-Cov2 koronabirusaren aurrean, erantzun immune humorala SARS-Cov2 koronabirusaren aurrean, COVID-19aren aurreko immunoregulazioa eta, azkenik, txertoak eta immunoterapia. Jardunaldiari amaiera emateko, ondorioak ateratzen laguntzeko galdera bat planteatu zen: “Zer ikasi dugu COVID-19a duen pazientearen aurrean?”.
Aurkezpen bakoitzean, edukia jasotzen zuen poster zientifiko bat egin behar zen, eta guztiak daude ikusgai NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko eraikinaren atarian. Ekimenaren irakasle arduradunaren hitzetan, esperientzia “oso positiboa” izan da, eta ikasleak antzeko ekimenak egiten ari dira beste irakasgai batzuetan, Giza Genetikan esaterako, baita hezkuntza-berrikuntzako beste praktika batzuetan ere, hala nola Deontologia, Bioetika eta Komunikazioa ikasgaian pazienteei egindako grabazio simulatuetan.