Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Osasunaren Zientzien Fakultatearen bidez, eta Nafarroa Kutxa Fundazioa, Isterria izeneko hezkuntza bereziko ikastetxearen titularra, elkarlanean ari dira osasun sistemarekiko desentsibilizazio proiektu batean. Desgaitasun intelektualen bat dutenak medikura beldurrik gabe joatea lortu nahi dute, batetik, eta, bestetik, erizaintzako profesionalek halako pertsonak hobeki artatzea. Ekimen hori bi entitateen arteko lankidetza-hitzarmen zabalago baten barrenean dago, zeina “Health friendly” izeneko proiektuarekin sortu baitzen, eta Nafarroako Gobernuak finantzatu eta inno-CARE ikerketa-taldeko kideek garatzen dute. 

zoom Foto1

Taldeko argazkia Isterriako instalazioetan. Ezkerretik eskuinera: Isterria eskolako zuzendaria, José Andrés Burguete Torres; Isterriako logopeda, Laura San Martín Vélaz; Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, Begoña Pérez Eransus; Isterriako orientatzailea, Alicia Azcona Navarro; eta NUPeko Erizaintzako dekanordea, Olga López de Dicastillo.

Hortaz, NUPeko Erizaintzako ikasleek prestakuntza jasoko dute Isterriako profesionalen eskutik baliabide praktikoak izan ditzaten modu eraginkor eta pertsonalizatuan erantzuteko desgaitasun intelektuala dutenen dibertsitateari. Bestetik, Isterria ikastetxean material didaktikoak prestatu dituzte, bideo bat eta kanta bat, ikastetxeko ikasle batzuek medikura joatean izaten duten mesfidantza gainditzeko. 

zoom Foto2

Isterriako ikasle talde bat jostetan medikuaren kontsulta batean baleude bezala, eskolako langileekin.

Epe ertainera, “osasun pasaporte” bat sortu nahiko lukete. Isterriako ikasle bakoitzak halako dokumentu bat izanen luke medikura joateko, eta hor adierazia egonen litzateke zer diagnostiko duen (autismoa adibidez), zer praktika medikok eragiten dion ezinegona (kontaktu fisikoak, orratzekiko beldurrak...), zer berezitasun dituen (hitz egiteko edo mugitzeko zailtasuna), eta zer izaten ahal den baliagarria kontsulta ongi joan dadin.

zoom Foto3

Ikasleetako bat eskolako langile bati injekzioa jartzen ari zaiolakoa egiten.

Proiektuaren onurak eta bi entitateen arteko kolaborazioa

Proiektuaren arduradunen esanean, desentsibilizazio medikoaren proiektuak alde guztiei ekarri nahi die onura. Kontsultara doazenak hobeki artatuko dituzte, eta haien familiakoek ez dute bisita gehiago eskatzen aritu beharko. Osasun-sistemako langileek, bestetik, ez dituzte gehiegi luzatu beharko kontsultak, eta laburtu eginen dira itxarote denborak.

Nafarroa Kutxa Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa proiektu batean baino gehiagotan aritu dira elkarlanean, bai ikerketako bai hezkuntzako proiektuetan, eta azken urteotako lankidetzaren esparruan egin dute proiektu hau ere.