Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Brunet Fundazioak Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet 2020ko Nazioarteko Sariaren deialdia egin du, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta pertsonen duintasunaren aurka egiten duten egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko. 

Saria 1998. urtetik aurrera eman da, eta giza eskubideen alde egindako lana edo ibilbidea saritzen du. Hautagaitzak 2021eko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira fundacion.brunet@unavarra.es helbide elektronikoaren bidez eta deialdiaren oinarriak Brunet Fundazioaren webgunean kontsultatzen ahal dira. 

Aipatutako fundazioak izendatutako epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak Nafarroako Unibertsitate Publikoan bildurik. Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da, horixe baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena ospatzeko eguna. Erabakia apelaezina izango da. 

Saria eta Jaime Brunet Fundazioa

Sari gisa 36.000 euro emango dira eskudirutan, diplomaz eta oroigarriaz gainera. Pertsona fisikoek, lan taldeek eta erakundeek edo organismoek hartzen ahal dute parte, zein den ere beren egoera edo nazionalitatea. Zilegi da hautagaitzak espainieraz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez aurkeztea, dela interesdunek berek dela hirugarrenek edo beste erakunderen batek eskatuta, Fundazioaren webgunean eskuratzen ahal den eredu ofiziala erabiliz. Proposamenek txosten arrazoitu bat eduki beharko dute, eta hautagaitzaren aldeko hamar abal aurkezten ahalko dira gehienez ere. 

Saria Brunet Fundazioak ematen du 1998az geroztik. Erakunde hori Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta horien alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzea merezi dutenak saritzea. Jaime Brunet jaunak fundazio horri eman zion bere ondasun guztia. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi zuen fundazioaren kudeaketa, eta ospe handiko pertsona batzuekin batera egiten du lan hori Unibertsitateak.