Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrak erakusketa bat antolatu du gizateriaren historian izandako zenbait pandemia ezagutzera emateko, baita koronabirusarena ere.  “Ikuspegia. En perspectiva” instalazioa gaurtik ekainaren 15era bitarte egonen da ikusgai Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioaren plazan, eta han, QR kodeen bitartez, aukera egonen da zenbait gaixotasuni buruzko informazioa eskuratu eta horien eraginez zenbat hildako izan ziren jakiteko. Informazio guztia erakusketaren webgunean dago eskuragarri.

zoom Expopandemia

Erakusketaren inaugurazioko argazki bat. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Eduardo Elizalde Laboral Kutxaren Nafarroako zuzendaria eta Joaquín Sevilla Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren zuzendaria.

Erakusketa ekitaldi instituzional batekin inauguratu da gaur goizean, maiatzaren 17an (astelehena), eta, horretarako, hitza hartu dute bai Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, bai Eduardo Elizalde Laboral Kutxaren Nafarroako zuzendariak eta bai Joaquín Sevilla katedraren zuzendariak.

Jendeak, gainera, aukera izanen du erakusketan jasotako pandemien beste datu batzuk ikusteko, hala nola izurri beltzari, baztangari, “espainiar” gripeari edo GIBak eragindakoari buruzkoak. Hala, horiek non sortu ziren, zer une historikotan gertatu ziren eta non zehar zabaldu ziren aipatzen da. Ematen diren datuen arabera, pandemiarik hilgarriena izurri beltzarena izan zen (200 milioi hildako), baztangarena gero (56 milioi) eta “espainiar” gripearena azkenik (40-50 milioi). Koronabirusak, berriz, 3.230.000 hildako eragin ditu maiatza arte mundu osoan.

Historiako pandemiei buruzko mahai-ingurua

Bestalde, katedrak zabalkundeko beste jarduera bat antolatu du aste honetarako, asko hedatu diren gaixotasunekin lotutakoa. Hala, maiatzaren 20an (osteguna), 19:30ean, “Ikuspegia. Pandemien ikuspuntu historiko bat” izeneko mahai-ingurua eginen da Unibertsitatean. Fernando Remacha aretoan izanen da ekitaldia, NUPeko Sario eraikinean, eta modu presentzialean jarraitzen ahalko da. Horretarako, beharrezkoa da aurretik izena ematea, edo “online”, horretarako prestatu duten estekaren bidez.

Honako hauek arituko dira hizlari: Eloísa Ramírez Vaquero Erdi Aroko Historiako katedraduna, Gerardo Pisabarro de Lucas Mikrobiologiako katedraduna eta Héctor García Montero Historia eta Erakunde Ekonomikoetako irakaslea, NUPekoak guztiak. Joaquín Sevilla Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren zuzendaria izanen da moderatzailea.